argia.eus
INPRIMATU
LAN ISTRIPUAK ETA EPAILEAK
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Eusko Jaurlaritzako Justizi eta Lan sailburu, Joseba Azkarragak, eta Estatuko fiskal nagusi Jesus Cardenalek fiskaltza propio bat eratzeko beharraz hitz egin dute, heriotza eta gaixotasun larriak eragiten dituzten lan istripuen zergatiak ikertzeko. ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatu abertzaleen eskaera izan da, azkenaldian Euskal Herrian lan istripuak direla medio izandako hildako kopuru handia ikusita. Hegoaldean bakarrik, 2001ean, 121 hildako, 788 lan istripu larri eta 71.405 istripu arin izan ziren. Azken hamar urteetan, Hegoaldean 1.200 pertsonatik gora hil dira lan istripuetan. Baina larriena zera da, ez direla erantzukizunak argitzen halako kasuetan. Norbait erantzulea delako. Gehienetan behintzat, ez da patuaren, kasualitatearen errua. Giza hutsegiteak, prebentzio neurrien falta edota haiek ez aplikatzea dira arrazoi nagusiak. Hortaz, pertsonak -enpresariak, ikuskariak, sindikatuetako ordezkariak, langileak- dira erantzuleak. Orain arte epaile eta fiskalek beste alde batera begiratu dute. Horregatik fiskal eta epaileak inplikatzen dituen ekimen hau txalotu behar dugu. Busti daitezela!