argia.eus
INPRIMATU
Ybarra-Bergarechetar familiek kontrolatzen dute talde berria
2021eko uztailaren 27a
Grupo Correotik datozen Ybarra-Bergarechetar familiak dira Correo Prensa Española talde berria orain kontrolatzen dutenak. "ABC" bereganatu eta harekin bat egin ondoren, beren esku baitituzte talde horren akzio gehienak eta gizarteko postu garrantzitsuetan baitaude. 1989. urtean Luis Bergarecheren lekua hartu zuen Santiago de Ybarra y Churruca da talde honen lehendakari berria, eta zenbaitek dagoeneko "Polanco berria" deitzen dute. Talde berriaren ideia politikoen ordezkaria da: Espainiako Konstituzioaren eta batasunaren defendatzaile sutsua. Jose Maria Bergareche Busquet da lehendakariorde exekutiboa eta talde berriaren kontseilari ordezkaria. Grupo Correoren gerentzian 1975ean hasi zen lanean, eta bertako kontseilari ordezkaria izatera heldu zen 2001. urtean, bere lehengusu Alejandro Echevarriak postu horri uko egin ondoren. Echevarria gaur egun Telecincoko lehendakaria eta talde berriaren lehendakaritzaren laguntzailea da.

Horiek dira talde berriak 2002. urte honen hasieran egin dituen izendapen nagusiak. Administrazio batzorde berriaren eta batzorde ordezkariaren baitan, aipaturiko bi familia horietako kideen beste zenbait kontseilari ageri dira. Horien artean Emilio de Ybarra y Churruca nabarmentzen da, duela gutxi arte BBVAko lehendakari izan zena eta talde berriko lehendakariaren anaia dena. Administrazio batzordea osatzen duten gainerako kideei dagokienez, ondoko pertsona hauek ageri dira: Nemesio Fernandez Cuesta eta Enrique Ybarra lehendakariordeak; Guillermo Luca de Tena ohorezko lehendakaria; Emilio Jose de Palacios gobernuko organoen idazkaria; eta Diego de Alcazar Silvela, Santiago Bergareche Busquet, Carlos Castellanos Borrego, Juan Entrecanales Azcarate, Santiago Eguidazu Mayor, Juan Carlos Guerra Zunzunegui, Catalina Luca de Tena, Soledad Luca de Tena, Victor Urrutia y Vallejo, Emilio de Ybarra y Churruca, María del Carmen Careaga Salazar, Alvaro de Ybarra y Zubiria eta Atlan Pressen izenean dagoen Helene Lemoine ordezkariak.
Administrazio batzorde honek, era berean, bere batzorde ordezkaria ere izendatu zuen. Santiago de Ybarra y Churruca da lehendakaria, eta kide hauek ditu: Jose Maria Bergareche, Nemesio Fernandez Cuesta, Enrique de Ybarra e Ybarra, Santiago Bergareche, Alejandro Echevarria, Santiago Eguidazu, Catalina Luca de Tena, Soledad Luca de Tena, Victor Urrutia, Emilio de Ybarra eta Alvaro de Ybarra