argia.eus
INPRIMATU
SENDABELARREN GORAKADA
Jabier Agirre 2002ko otsailaren 10
Fitoterapia (edota gaitzak sendatzeko sendabelarrak erabiltzea) ikaragarri hazi da Espainian, Europako beste herrialde batzuetan baino erritmo askoz biziagoan (% 30). Hala, 2001. urtean egindako salmentak 100,30 milioi eurokoak izan dira, Europako Batasuneko seigarren postuan kokatzeraino. Hala ere, oraindik oso urrun daukagu Alemania, herrialde hori baita EBko medikuntza "berdearen" kontsumitzailerik handiena, 2.145,6 milioi euroko salmentekin.

Eta medikuntza klase horrek gero eta arrakasta gehiago duen arren, Espainiako Fitoterapia Elkarteak eta Mediku Naturisten Elkarteak behin eta berriz eskatu diote Gobernuari eman ditzala arauak gisa honetako produktuen merkatua nolabait ordenatu eta antolatzeko, gaur egun inolako ordenarik ez baitago, eta bakoitza bere kasa baitabil. Bete-betean modan dauden substantziak, esaterako te berdea, biloba ginkgoa, soja edota azkenaldi honetan denon ahotan dagoen depresioaren kontrako landarea, hiperikoa (Santio belar edo milazulo), salmenta librekoak dira, hau da inork ez ditu kontrolatzen. Horiek saltzeko lekurik logikoena farmazia litzateke, baina belar denda eta dietetikako establezimenduek horren kontrako presioa egiten dute.
Espainia da Europako Batasunean denda naturista gehien dituen herrialdea, eta horietan egiten da sendabelarren salmentaren % 70. Gaitz erdi, saltzeaz gainera, erosleari informazio egokia eta bere kasuari egokitua emango balitzaio gisa horretako establezimenduetan, baina...