Porto Alegre, geroz eta globalizatuagoa dagoen munduko txiroentzako itxaropenaren eszenatokia izan da. Munduko Foro Sozialak bertan bildu ditu globalizazio neoliberalaren aurkako mundu osoko mugimenduak. Milaka pertsonek, Euskal Herrikoak tartean, ekonomiaren egoeraz eta biztanleengan honek duen eraginaz eztabaidatu dute eta beste mundu bat posible dela ondorioztatu dute. Ekonomia gizakien eskubideen menpe dagoen mundua. Egun alderantziz gertatzen da. Hala, planetan bizi diren 6.100 milioi pertsonetatik 2.100 milioik soilik dituzte bizi baldintza duinak. Gainerako 4.000 milioik sufritu egiten dute: 2.800 milioi txirotasunean daude hileko 72 euroko errentarekin, eta beste 1.200 miserian hileko 35 eurotik beherako errentarekin. Ez aberastasuna gutxi batzuen eskuetan biltzen duen sistema kapitalistak, ezta bere erabakietatik herria baztertzen duen planifikazio sistema zentralizatuak, ezin diote egoera honi behar bezala erantzun. Beste alternatiba bat bilatu behar da. Utopia? Globalizazioaren aurkako militanteak horren alde ari dira lanean. Eta euren ekimenek gure babesa merezi dute