argia.eus
INPRIMATU
LUBERRIAK
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Idiak larrean egunero ikusteko gozamena bizitu nahi eta hor hasi gara koadrilan ukuilua izango denaren inguruko lurretan barrutia prestatzeko lanetan. Hogeita bost bat urtez utzita bizi izan den lur saila irudikatzeko arazo handirik ez duzu izango. Belarra zakartua eta bazterretan laharra eta otea nagusi. Itxiturak berritu nahi eta sasitza izugarriak hankaz gora jarri beharra zegoen. Aihotza eta ukuilu-aitzurra dantzatuz hasi ginen, eta hasi baginen hasi ginen. Kirtenak ederki miatu genituen. Lau metro eta erdiko otetzarrak, ote-ipurditik ipurdirako tartea hogeita bost urtetan lahar belaunaldiak belaunaldiaren gainean etzanda, beteta eta azpian arrabete orbel eta hondakin organiko. Ederki simaurtu eta mantentzen zuten sasian beraien azpia…

Ederki kostata, baina garbitu dugu azkenean saila eta horra hor non agertzen zaigun aspaldian ikusi gabeko lur bikaina. Inguru honetan buztina eta tupa nagusi badira ere hemen lur beltz harro-harroa azaldu da. Udaberrira alderaxeago ereitean a zer nolako txispa ekarri behar duen belarrak! Beti esan izan den eran, soro, sagasti, edozein landare jartzeko luberria bezalakorik ez da. Lur aberatsa, jarri behar ditugun landare horien gaitzek harrapatu gabea eta basoari lurra irabazten zitzaion garaiko sena ere izango da