argia.eus
INPRIMATU
MENDEKUA
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Mendekatu nahia edo izan dut nik urtetan fantasiarik azkarrena. Maiz amestua naiz torturatu nindutenetako bi, nire eskupean nituela. Ez dut inoiz jakin ametsa burutzen, ameskaitza baten menpeko bainintzen atzarria bainaiz izerdi patsetan dardarka, berriro ere neroni banintza torturatua. Alta, tortura bere haragitan bizi izan duenak ezin dezake torturatzailearen maila inoiz harrapatu, honek beharrezkoak dituen berezko dohainak gabe, hala nola bihotz gogorra, anker basatia, hotza, ezin baitezake torturatuarekiko urruntasuna lortu torturari bere oinarrizko funtzioa ukatu gabe: torturatuaren gogoak erauzi. Eta mendekatzaileari, araiz, ez zaizkio gogoak interesatzen. Horrek berak eragozten dio torturatzaile profesionala izatea. Altxarandio eta Cortes torturatuak izan dira. Ez dut dudarik egiten. Ruiz Polanco epaileari salatu diote. Honek ez du salaketarik onartu. Garzonek dio torturak badirela frogatuko duen epaiak behar dituela, horiek ezean torturarik ez dela. Hauek ere profesionalak ditugu, torturatzaileen inpunitatea bermatzen duten profesionalak, mendekuarekin amets egiten duten torturatuen herria gizentzen ari diren mertzenarioak