Bere narruzko jaka beltza harro erakusten zuen Marlon Brandok «Salvaje» zintan. Ahaztu ezinezko zeluloidezko zuri-beltzean motoa maisutasunez gidatzen zituzten bota haiek, ez dute egun diztira atera beharrik. Fotogramen aroa bukatzear dagoela, zinemak beste aro bati ireki dizkio ateak, digitalari alegia. Hari eman behar eskerrak Brandok, bere piura hobetu izana. DVD-ak ekarri zizkigun irudi berri haiek, zinema digitalaren lehen urratsak.
Internet eta kamera digitalak izan dira hala ere, zinemaren nondik-norakoa zehaztu dutenak, 35 milimetroko Brandok ez du faltan botako hain ezaguna egin den formatoa, badirelako ugari digitalizazioak ekarriko dituen aurrerapenak. 451 farenheitetara erretzen zituen Truffauk liburuak etorkizuneko munduan, agian berak oharrarazi zigun gertatuko zenaz, zeluloideak suaren txinpartak ezagutuko ez dituen arren, zokoratuta geratuko baita hautsaren menpe artxibo zahar batean.
Ekoiztetxeak zenbaki binarioen zinemari ateak irekitzeko prest daude, nahiz eta internet bidez zinema hedatzeak ez duen orain arte arrakastarik eduki. Kamera digitalak merkaturatu direnetik zinema merketu egin da eta errazagoa bihurtu da filmaketa prozesua. Zientzia fikziozko film batetik ateratako tresna honek iraultzatu egingo du zinemaren industria, zenbait adituren esanetan. Pelikularen azken sekuentziak ote?
Ekoiztetxeak sarean.
Zinemak porrot egin du interneten, pelikulak zine aretoetan ikusteko produktua direla uste dutenak asko dira oraindik. Zenbait ekoiztetxek ekin zion proiektu honi aspaldi eta egun gehienak merkatutik at daude, baita David Geffen, Steven Spielberg eta Jeffrey Katzenberg-en Pop.com ekoiztetxe ezaguna. Hala ere, kamera digitalek indarberritu egin dute zinema mota hau. Ordenadorearen monitoreak langabezia ezagutuko duten arren, kamera hauei esker, zinema berria, pantaila erraldoian ikusteko aukera izango dugu. Ez da zenbait hilabetetan gertatuko den fenomenoa izango, prozesu luze baten atarian gaude, eta ekoiztetxeak hasi dira lanean, "digital-film" kontzeptua hedatu asmoz.
Horrela, hainbat lehiaketa antolatzen hasiak dira produktuaren kalitatea hobetu nahian. Matiz, Albaguia, Cineonline.com edota minutoymedio.com ekimenek ez dute lotsarik eta 35 mm edota super8-z eginiko lanak baztertu dituzte, zinema digitalari aukera emanez.
Oraingoz, laburra da kamera digitalez gehien filmatzen den formatoa, dokumentalek eta film esperimentalek hurbiletik jarraitzen dioten arren. Julio Medem donostiarrak filmatu du Espainia guztiko lehen luzea kamera digitalarekin, "Lucia y el sexo" pelikulak izan du ohorea. Bigas Luna zuzendari katalanak ere egin du zenbait saiakera. Mugimendu berri honek zine industria bereganatu nahi du nola edo hala, ezinbestekoa baita bizirik iraun ahal izateko. Ekoiztetxeak bapo prestatu dira, agian eskerrak Danimarkan jaiotako Von Trier jaunari eman behar.
Dogma digitala.
Danimarkan jaiotako "Dogma" mugimenduak, zinema komertzialak maneiatzen zituen rolak alderatu nahi zituen, filmatzeko askatasuna aldarrikatzen zuen, etxeko bideokameraz errodatzeko gaitasuna ohikoa egin. Zine baztertua izan zen, baina aldi berean kalitatezkoa. "Idioterne", "Dancer in the Dark" zintak ez dira Hollywood-eko produkzio garestiak, ez dira ordenadorez mozorrotutako fotograma puskak, errealitate gordinaren erakusleihoa besterik ez dira. Hori bera lortzea izan da hasieratik "Dogma" mugimenduaren helburua. Kamera digitalen jaiotzak mugimendua indartu du, herriaren, herriarentzako eta herriari zuzendutako zinema bultzatu du. Ez da aurrekontu handiegirik behar, produkzio aldetik kostuak merketuko dira eta editatzeko garaian, hasiera batean zeluloideak eragiten zituen arazoak asko murriztuko dira.
Zinema digitalari esker, filmak zine aretoetara satelite bidez bidaliko dira, eta nahi beste aldiz ikusi ahal izango dira, zeluloideak ez bezala, formato digitalak lehen aldiko irudi kalitate bera mantentzen baitu.
Zuzendari hasi berriek jada ez dute diru laguntzen beharrik, kamera hauekin ohiko produkzio bateko langile kopurua ez delako beharrezkoa. Zuzendaria da protagonista bakarra eta beste guztiak bigarren mailako partaideak, luxuzkoak bai, baina bigarren mailakoak azken finean.
Orain arte, zeluloidearekin filmatutako zintek arazo bati egin behar zioten aurre, alegia, filmaketan erabilitako fotograma kopurua kontrolatzea. Digitalarekin ez da horrelakorik gertatzen, beraz, luzeak filmatzea askoz ere errazagoa bihurtuko da.
Asko dira zinema berri honen defendatzaile sutsuak, baina badira ere zeluloidearen erromantizismoa alde batera utzi nahi ez dutenak. Egun, 35 milimetroko zintek kontrolatzen dute zinema, klasikoak zuri beltzean gure oroimenean geldituko dira betirako, baina garai berri baten atarian gaude, zuri beltz berri baten atarian, klasiko askoren abiapuntuan. Minnelli, Antonioni, Ford, Browning, Kazan, gogoan zaituztegu... eta ongi etorri beste guztiei