argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2002ko urtarrilaren 27a

REDONDOREN ERRETIRADA

EZ da samur ulertzen Nicolas Redondo Terrerosek azken asteetan izan dituen sostengu agerpenen ondoren berrautaketara ez aurkeztea. Edo bera ez da pertsona aproposena sektore horiek biltzeko, edo bere indarra gehiago da mediatikoa agrupazio sozialistetan izan dezakeena baino, edo oraindik atera ez diren zenbait kontuk bere etorkizuna hipotekatzen dute. Edozein eratan, ez dirudi Javier Rojo edo Rosa Diez PSE luzaroan bateginda mantenarazteko moduko pertsonak direnik. Totorikaren iraganaren proiekzioa ez da horren zamatsua alderdi barrura begira, baina oraingoz ez dela aurkeztuko jakinarazi du. PSE-EEren Kudeaketa Batzordeak prestatutako kontsentsu txostenarekin, halaber, ez dirudi PSE-EEren barne zauri sakonak itxi daitezkeenik. Datorren otsailaren 9ra arte herrietan zabaldu den eztabaidan ikusiko da hobeto PSE-EEko 93 agrupazioek nola hartzen duten txostena eta zein ekarpen egiten zaizkion.


KOMUNIKAZIOAREN ETA INFORMAZIOAREN ARRISKUAK

EZ da zalantzarik, Euskal Herrian komunikazio eta informazioarekin lanean aritzea arriskutsua izan daiteke. Mertxe Aizpurua eta Martxelo Otamendiri, ‘Gara’ eta ‘Egunkaria’ko zuzendariak hurrenez hurren, ETAk egindako hilketa baten bultzagile izatea leporatzen diete Entzutegi Nazionaletik, ETAri egindako elkarrizketa batean egindako galderagatik, honakoa gutxi gorabehera: euskal presoak Euskal Herriratzearen alde agertuz gero, ea UPNko zinegotziak ETAren helburu liratekeen. Bigarrengoz -aurretik ere elkarrizketa beragatik lekuko gisa deklaratu izan zutelako- Garzon epaileak berak aske utzi ditu. Kartzela arriskua, dena den, oso gertu izan ei dute, fiskalak berak kartzelaratzea eskatzen zuelako. Euskal prentsa eta euskalgintzaren sostengu zabala jaso dute biek. Eta arriskuei dagokienez, beste hiru kazetari heriotz arriskupean egon dira ETAk igorritako karta-bonben ondorioz: Santiago Silvan, Marisa Gerrero eta Enrique Ibarra, Radio Nacional, Antena 3 eta El Correokoak hurrenez hurren. Euskal Herrian, informatzeko moduez eztabaida sakona egin daiteke eta egin beharko litzateke, baina espetxea edota komunikazioaren munduaren aurkako bestelako erasoak eztabaida horretatik kanpo dira.


PP-REN KONGRESUA

ASTEBURUAN PPk egingo duen kongresuan hiru kontu nagusi jorratuko dira, horietako bi Jose Maria Aznarren ondorengoaren ingurukoak eta bestea popularrek Espainia osora hedatu nahi duten kontzeptu berria: patriotismo konstituzionala. Aznarri dagozkion kontuetan, Francisco Alvarez Cascosek alderdi barruko agintaldiak muga izan dezala proposatuko du eta bide batez, Aznarri hurrengo haustekundeetan ere PPko hautagaia izan dadin eskatuko dio. Honek ezezkoan jarraitzen du oraindik, baina berrautaketara ‘behartu’ dezaketen eragileak ere ager daitezke oraindik (ekonomikoak, Euskal Herria...). Gobernuburu gisa bi agintaldi bakarrik egoteari buruzko bere hitza errespetatzen badu, hiru dira ordezkoen izenen dantzatik nabarmentzen direnak: Rodriguez Rato lehendakariordea, Jaime Mayor Oreja eta Angel Acebes Justizia ministroa.


UDALBILTZA (EAJ-EA): OTSAILEAN BILKURA

UDALBILTZAKO Batzorde Eragileak (EAJk eta EAk zuzentzen dutena) otsailean zinegotzi eta alkate guztien bilera dei dezakeela zabaldu da, EAJko herrietako hautetsiek Bilbon Udalbiltzaz aritzeko egindako bilkuraren ondoren. Edonola, ez dirudi Batasunak bultzatzen duen Udalbiltzako beste zatiarekin elkarlanerako ateak irekiko direnik.


GAZTELU PLAZAKO INDUSKETAK

EGUNETIK egunera hondare historiko berria agertzen ari da Gazteluko Plazako indusketetan, eta eraiki beharreko aparkalekua ere kolokan egon liteke. Principe de Viana erakundeak aurki erabaki behar du zer egin aurkikuntzekin, edo erretiratu edo bertan utzi eta indusketa lanak luzatu. Dena den, nahiko argi dago San Ferminetarako plaza ez dela erabilgarri izango.


AURREKONTUAK, ORAINDIK

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen nondik norakoak gauza ugari utzi dute agerian. Batetik, iazko hauteskundeen arrakasta handiaren ondoren, hiruko Gobernuak mugak handiak dituela beste inorekin akordioak lotzen ez baditu. Aurrekontuak ateratzea berari dagokio eta ez oposizioari. PPk eta PSE-EEk nahiago izan dute iazko hauteskunde garaiko giroan murgildu, horrela Jaurlaritzaren ezintasuna nabarmenduz. Batasunak, ordea, errealitate parlamentarioari sendo heldu dio, hauteskundeetako porrotaren gakoetako bati helduz eta euskal politikagintzan protagonismoa berreskuratuz.