argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2021eko uztailaren 19a
Inazio Mujika Iraolak honakoa zioen euskal poesia eta prosari buruz «Euskaldunon Egunkaria»n:
« (...) Nik uste dut une honetan euskal poesiaren egoera, kalitatearen arlotik begiratuta, narratibarena baino okerragoa dela. Poesiaren goraipamen gehiegizkoa egiten dela iruditzen zait, poesiarekin mito bat egin dela, apaizgo bat izango balitz bezala. Badaude poema liburu onak, Kirmen Uribek eta Jon Benitok, iaz kaleratutakoak adibidez, baina poesia ezer esateko ez daukanaren ezkutalekua da askotan. Jende asko ari da horretaz baliatzen bere hustasuna ezkutatzeko. (...) Gutxi dira ezer berririk dakarten euskal poesiako lanak. (...)
Euskal prosaren arloan uste dut denok dugula asko ikasteko, hizkuntza egin gabe dagoelako oraindik. Seguru askorik arazorik larriena ez da lexikoa, sintaxia baizik, euskara argi eta egokiarena. Eta hori ez da arazo filologiko soila, literaturaren muinari dagokion funtsezko arazoa baizik. Bere akats eta guzti, euskaltzaindiak, poliki bada ere, bere bidea egin du. Ez dago ehuneko ehunean Euskaltzaindiaren morroi izan beharrik, are gutxiago literaturan, baina idazleak etenik gabe egin behar du hausnarketa, etenik gabe jarri behar ditu zalantzan aukerak. ‘Guk hala esaten dugu’ edo ‘Gure amonak hala esaten zuen’ bezalako argudioak ez dira aski. Heterodoxia ez da bakoitzak nahi duena egitea (...)».