«Politikan ekonomiako maila bagenu, alde ederra»

  • Moketa gainean nola ibili asmatu ezinda joan garen arren, maileguan hartutako gure etxean bezala sentitu gara. Testuak: Estitxu Eizagirre eta Ixiar Eizagirre / Argazkiak: Alberto Elosegi
Donostiako Antigua auzoan oso ezaguna da zuen sendia. Zein izan da zuen etxeko giroa?

Antiguotar betea-beteak gara, aitona bera ere auzo horretan jaio baitzen. Etxean langile euskalzale giroa bizi genuen. Zazpi anaietan zaharrena naiz eta horrek ere markatu nau, etxean diziplina jartzea niri egokitu baitzitzaidan.

Orain 50 urte Antigua auzoan nork egiten zuen euskaraz?
Erreferentzia moduan, katekesi talde denak gazteleraz aritzen ziren eta euskarazko talde bakarra gure etxekoek eta bertako baserri batekoek osatzen genuen. Beste erreferentzia polita daukat Gabon kantena. Orduan denek gazteleraz kantatzen zuten, eta etxeko lau anaiak taldea osatu genuen euskaraz kantatzeko. Toki jakinetara joan ginen eta besteek baino askoz diru gehiago jaso genuen. Diskriminazio positiboa zegoen Gabon kantekiko eta une horretan etekina atera genion gure euskalzaletasunari.

Real zale amorratua omen zara.
Gaztetatik egin nintzen bazkide, eta gogoan dut 18 urterekin, artean Kursaal zaharrean egin zen biltzarrean parte hartu nuela. Orduan igo zen Reala bigarren mailatik lehenengora, Andoni Elizondo zen entrenatzaile, eta batzar hartan publikoki eskatu nuen hari urrezko domina ematea. Orduz geroztik zale izan naiz. Pentsatzen dut gizarte mailan garrantzitsua dela Realaren egoera, kirola delako elkartzen gaituen gauza gutxietariko bat, eta gu zehazki Realak eta Euskal Selekzioak elkartzen gaitu.

Nola ikusten duzu Realaren egoera?
Dena ari da erabat aldatzen, eta gero eta maizago ematen dira aldaketak. Enpresei gertatzen zaigun bezala, klubek ere ezin dute lehengo politikarekin jarraitu, jokoz kanpo geratzen baitira. Egunero gaurkotu behar dute eta arau berriei erantzun. Kirol profesionalean ere mundializazioa erreferentzia bat da, eta gakoa da nola uztartu bertakoa eta kanpokoa.

Norantz ari da aldatzen kirola?
Ni kirol zalea naiz eta beti praktikatu dut, egun osoan bulegoan eserita egotea ez baita osasungarria. Bereizten ditut kirol amateurra, oinarrizkoa, eta bestea, profesionala. Beraz, kirol profesionalek arau ezberdinak jarraitu behar dituzte, kalitatez ere izan behar dute profesionalak, baita zuzendaritza aldetik ere.

Begoña Amunarriz da zure emaztea. Esan liteke kutxa eta politika ezkonduta daudela?
Politika gauza bat da, eta lana bestea. Etxean politika beti egon da mahai gainean, bizi dugun gaia da. Konpromiso politikoa beti sentitu dut, batez ere trantsizio garaian. 1976an diktadura erori zenean, denok galdetu genion geure buruari nondik jo behar genuen. 1979an aukeratu behar izan nuen politikari izan edo profesional munduan jarraitu. Orduan izendatu ninduten Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipaleko zuzendari, eta lanbide honi eustea aukeratu nuen. Ordurako 14 urte neramatzan Kutxan, eta oso gogoko dut nire langintza. Lanbidetik kanpo bakoitzak baditu bere gizarte kezkak, eta zorionez Kutxan biak uztartzen dira.

Nola gogoratzen duzu trantsizio garaiko esperientzia politikoa?
Oso positiboa izan zen. Batez ere antolakuntzan aritu nintzen EAJ alderdian eta lehen udal hauteskundetako Gipuzkoako arduradun aukeratu ninduten. Belgikan izan ginen, hango esperientzia jaso eta hemen aplikatzeko. Nik uste lan txukuna egin genuela. Orduan politika ez zegoen profesionalizatuta eta benetako militantzia zegoen, ilusio urteak ziren.

Nola hasi zinen Kutxan?
18 urterekin. Etxean lan egin beharra zegoen, eta ikasketekin uztartzeko moduko lan bat behar nuen. Kutxan goizez bakarrik lan egiten zen, eta arratsaldez ikasten nuen. Nahiko gogorra izan zen, 27 urte izaterako bi karreratan lizentziatu bainintzen, Merkataritzan eta Ekonomian. Lanak laguntzen zidan ikasten, 23 urterekin Kutxako ikerketak nik egiten nituen, eta ikasitakoa aplikatzeko aukera izaten nuen horrela.

Kutxen ibilbidea zein izan da?
Kutxak gizartearen bilakaerarekin lotuta daude, eta baita ere jaio diren lurraldearekin. Gizartea eta ekonomia nondik joan diren, kutxak handik joan dira. Erreferentzia zehatzak ikus daitezke. 1977an Espainian demokrazia iritsi zenean, legea aldatu zen eta kutxa eta bankuen arteko konpetentzia hasi zen. Estatu mailan eta bereziki Euskal Herrian kutxak oso indartsuak izan dira bankuekiko lehian, eta hori Europako herri gutxitan gertatu da. Orain kutxak desagertzen ari dira Europan, Alemanian eta herri escandinaviarretan ezik. Bigarren erreferentzia litzateke 1990ean, lurralde bakoitzeko kutxen fusioa (tira, Nafarroakoa orain egin da) eta hirugarren erreferentzia litzateke gure arteko harremana. Nahiz eta idatzita ez egon, Euskal Herriko kutxen artean ez gabiltza borrokan. Hemendik kanpo zabaltzen ari gara, baina beste lurraldeak errespetatzen ditugu.

Zergatik izan dute kutxek Euskal Herrian horrelako indarra?
Oso lotuta egon direlako bezeroen beharrei eta ez diogulako berritzeari utzi, antolaketa teknologikoa dela, hedapena dela, negozio berrietan sartzea... Oso dinamikoak dira.

Egunez egun finantz erakundeak elkartzen ari dira, gero eta handiagoak dira kutxak...
Neurria ez da erreferentzi bakarra, errentagarritasuna da koxka. Sendoak izan behar dute. Batzutan neurriak laguntzen du, baina etorkizuna ez dago neurrian, errentagarritasunean baizik. Errentagarritasunaren klabeak dira administrazio ona, kreditu politikan zeini eman eta zeini ez ongi aukeratzea, batez ere enpresekin, partikularrek erantzuten baitute. Eta barruko kostuen kontrola. Baita zerbitzuetan kalitatea eskaintzea ere. Ez baduzu bezeroekiko irudia mantentzen, jai dago. Bezeroen beharrei erantzun behar zaie, baina ez finantz zerbitzuei bakarrik, baita gizarte zerbitzuei ere. Hor ezberdintzen gara bankuekiko.

Nola erabakitzen duzue zer ekintza sozial sustatu?
Guri atsegin zaizkigu gai kulturalak, irudi aldetik laguntzen dutelako. Gizarteari galdetutakoan, erantzuten digute gai sozialei arreta gehiago jarri behar diegula. Ezinduengana eta gutxien dutenengana, besteak beste, hurbildu behar dugula. Orain ari gara azterketa hori egiten. Baina uste dugu behar horiei administrazioak erantzun behar diela, hor sortzen da administrazioarekiko dialektika. Jokorik onena da gu aurreratzea, behar berri horiei erantzutea eta gero kapitulu horiek administrazioari uztea. Hori beste gai batzuetan lortu dugu, osasun alorrean, minbiziaren gaia da adibidea.

Hiru kutxekin bat egiteko proiektua egon zen. Aspaldian ez da ezer entzun. Zertan da?
Hori noizean behin agertzen da politikarien agendatan, guk uste dugu orain horrela oso ondo dagoela, eta hiru kutxak ongi doaz. Gainera baditugu hiruren artean landutako proiektuak, gure informatika sarea, esaterako, Vital Kutxarekin lotuta dago.

Zein izan dira Kutxak azken urteotan landu dituen gai nagusiak?
Teknologi berrietan puntan egotea izan da apustua. Hor inbertsio handiak egin ditugu, internet dela, txartelak direla... Gazteen aldetik erantzun handia jaso dugu. Langileak trebatzea ere beharrezkoa izan da. Beste gai garrantzitsua hedapena da: Iparraldean bi bulego ditugu (hor merkatua txikia da), Madrilen 40... Bestalde, enpresa handietan parte hartu dugu inbertituz. Batez ere sektore berrietan sartu gara, telekomunikazioan, esaterako eta maila ekonomiko handiko pertsonei arreta gehiago jarri dioegu, horiek orain arte bankuekin lan egiten baitzuten.

Internet bada diru iturri, ala oraindik lan tresna da?
Internetek lagundu digu kostuak murrizten. Nahiz eta internet jarrita eragiketa kopuruak igo, lehen lehiatilan edo langile batekin egiten ziren hainbat kontu, orain bezeroak egiten ditu etxetik. Azken urtean 7 milioi eta erdi eragiketa egin ditu norberak bere etxean, eta hala ez balitz gure esku egongo lirateke. Zerbitzua hobetu egin du, eta ondorioz bezeroaren leialtasuna indartu egiten da. Oraindik negozio gutxi daude interneten, baina prestatu ditugu hainbat zerbitzu, interneten bidez eskaintzeko. Esate baterako kredituak internetez eskaintzen ditugu. Gure departamentu denak aldatu behar izan ditugu interneti erantzuteko. Benetako iraultza izan da antolamentu mailan. Baina produktuak eta zerbitzuak ez dira bakarrik interneten jarri behar, interneten jaiotako zerbitzu berriak prestatu behar dira.

Nola dago Euskal Herria Europan?
Garbi dago Europan sartuta gaudela. Aduanak kendu zirenez geroztik enpresak hor daude. Orain txanpon berriarekin moneta politika badu eta ez da gugandik kanpo dagoen gauza bat. Gu ez gara Europa, baizik eta gu Europaren zati gara. Lehen aldiz historian, bi estatutan banatutako gure herria txanpon berarekin ibiliko da eta hori ere bada garrantzitsua.
Euskal Herria ekonomikoki ongi dago azken urteotan, hemengo igoera ekonomikoa Espainiar estatukoa baino handiagoa izan da.

Beste estatuen mende egon gabe, gai gara ekonomikoki burujabeak izateko?
Enpresak munduari irekita daude, ez dira estatu batera mugatzen. Garbi dago enpresak non kokatzen diren, beren kostuak gutxitzen diren lekuan. Merkatua bat da, nahiz eta estatuak hamaika izan. Ekonomia askoz irekiago dago politika edo administrazioa baino. Prestatuago gaude gai ekonomikoetan, gai sozial eta politikoetan baino. Oraindik ez gara gai izan gure arazo politiko nagusia konpontzeko, eta gai politiko eta sozialetan egongo bagina ekonomian gauden mailan, honez gero arazo asko konponduta leudeke. Hemengo arazoa ez da ekonomia, politika da.

Nola ikusten duzu kontzertu ekonomikoaren arazoa?
Nik uste konponduko dela. Kontzertu ekonomikoa oso garrantzitsua da Euskal Herriarentzat, eta nik ez dut zalantzarik bertan jarraituko duela.

Argentinako kontua oso larria da. Nola ikusten du Kutxako zuzendariak munduan estatuen artean dauden desberdintasun egoera?
Kutxak nahikoa du hemengo arazoari erantzuten. Askotan pentsatzen dut besteri leporatzen zaizkiola norberaren arazoak. Hori gizabanako mailan gertatzen zaigu eta nire esperientzia ere hori izan da. Hemen inork ez du ezer oparitzen, norbera izan behar da gai aurrera ateratzeko. Galdera ez zaio beti besteari egin behar. Argentinaren arazoa noren errua da? AEBek egin dute hori guztia ere? Argentinarrak ez badira gai herri bezala bere arazoa gainditzeko, nori leporatu behar zaio errua? Euskal Herriko enpresek inbertitu dute Argentinan eta guk ere enpresa horietako batean dugu partea. Ikusi dugu han inbertitutako diruaren balioa goitik behera etorri dela egun batetik bestera. Nola mantenduko duzu konfiantza, etorkizunean berriro bertan inbertitzeko? Horri ez badiote erantzunik aurkitzen, etorkizunean enpresek ez dute hor inbertituko eta gaur egun ez dago kanpoko inbertsiorik gabe mantentzerik.
Esplotazioa, multinazionalen jokoa... Hori dena egia da hirugarren munduko kasuetan, baina ez da egia bakarra. Badago laugarren mundu bat, baina baita hirugarren eta bigarren mundua ere eta Argentina berez aberatsa da. Nori leporatu behar diete errua beren buruari ez bada?

Zein da zuen bezero arruntaren perfila? Asko aldatu al da azken urteotan?
Gizartea aldatzen ari da. Kutxa 1879an sortu zen eta orduan gizarteko %80ak baliabide ekonomiko urriak zituen. 1960an etorri zen garapen ekonomikorik gogorrena eta orduan hartu zuten indarra maileguek eta hipoteka kredituek.
Gaur egungo gizartean aurrezkiaren zati handiena zaharren esku dago, eta etorkizunean gero eta zati handiagoa egongo da zaharren esku, gizartea zahartzen ari baita. Horrek elementu berriak ekarri ditu, pentsio fondoak, esate baterako. Europan azken 40 urteotan inoiz baino kapital gehiago pilatu da, nahiz eta produktuak aldatu. Orain burtsan asko inbertitzen da, inbertsio fondoetan ere bai... Horrek ekarri du asko aurreztea, inbertsioek gora egitea eta baita garapen ekonomikoak ere.
Etorkizunari begira, urte batzuetan gizarte segurantzako sistema publikoak porrot egingo du. Norberak egin beharko du bere etorkizuna. Jendea gero eta urte gehiagoz bizi denez, zikloa atzeratu egiten da. Lehen lehenago ezkontzen ginen, orain beranduago, baina zikloa bera da. Lehenengo hipoteka kreditua eskatu eta hori itzulitakoan pentsio fondoarekin hasi. Hogei urteko zikloak dira, 30 urterekin hasi eta 50 urtera arte eta 50 urtetik 70 urtera.

Etxebizitza erosteko kredituak lehen beste eskatzen dira ala alogeran hartzen dira gero eta gehiago etxeak?
Bi arazo daude. Azken 20 urteetan, sekula ez dira interesak hain baxu egon, baina bestalde pisuen prezioa zerura igo da eta hori arazo larria da. Etxea gero gehiago hartzen da alokairuan, baina hemen dugun kultura medio, biztanleek bere etxea izan nahi dute. Europan beste kultura bat dago. Interesak goian zebiltzanean, alokairua gehiago interesatzen zen, baina interesak jaistean, jendeak nahiago du hileroko diruarekin maileguari erantzun.

Zein zaletasun dituzu?
Zaletasun asko ditut. Ikerketak gustatzen zaizkit, ekonomia eta gestio gaietan teorizatzea eta abstrakzioan lan egitea. Horretarako unibertsitatearekin lotura mantentzen saiatzen naiz, hitzaldiak eta ikastaroak ematera gustura joaten naiz. Bidaiatzea eta lekuak ezagutzea ere oso gogoko dut, bidaiekin asko ikasten delako eta asko aberasten dutelako norbera. Egunero joaten naiz igerian egitera, eta asteburutan boleibolean aritzen gara hondartzan. Bideozalea ere banaiz, muntaiak egitea gustatzen zait. Denbora pasatu ahala, gero eta gehiago interesatzen zaizkit gai teknikoak baino gai kulturalak. Gizarte alorrak asko aberasten du, beste kultura eta pertsona batzuk ezagutzen dituzu... Ez naiz aspertzen

CURRICULUMA
- Jaio: Donostiako Antigua auzoan, 1949. urtean.
- Kutxako zuzendaria.
- Ikasketak: Merkataritzan eta Ekonomian lizen-tziatua.
- EAJ alderdian aritu zen trantsizio garaian.
- Eusko Ikaskuntzako XV.Biltzarreko lehendakaria izan da.

BIZITZAREN PASARTEA
1981eko «23F» hartan Espainiako estatuko kutxa denen bilera genuen Madrilen, Alcala kalean, Carrera San Jeronimotik 400 metrotara. Euskal kutxetako ordezkariak lehenago bildu ginen, hotel batean bazkaltzen. EAJko parlamentario bat inguratu zitzaigun eta parlamentuko arratsaldeko sesiora joateko gonbidapenak eskaini zizkigun. Bizkaiko bi kutxen lehendakariek onartu zuten gonbitea eta gure bilerara joan beharrean parlamentura joan ziren. Gu gure betebeharra betetzera joan ginen, baina nik Hotel Palace-eko erreserba neukan, hurrengo egunean beste bilera bat bainuen Madrilen. Arratsaldeko 18:00etan gertatu zen gertatutakoa, atera ginen bileratik, eta kalean jendea gora eta behera zebilen eta hotelera sartu nintzen. Hotel Palace parlamentuaren pare-parean dago eta bertatik bizi izan genuen gertatutako dena. Kolpistek operazio gune bezala hartu zuten hotela eta nire bizitzako esperientzia izan zen. Gogoratzen dut afaltzera joan eta zerbitzariak esan zigula: "Zuek lasai, irabazten duenak irabazten duela, berdin afalduko duzue eta!" Adibide hori aipatu izan dut benetako profesionalak nolakoa izan behar duen adierazteko.

BERTSOA
Doinua: Otañoren onbuarena
Kulturazale gisa aurkeztu
diguzu zure burua
interesgarri zaizu orduan
kultur jardunen mundua.
Batak bestea lagun hartzea
denez gure helburua
denon artean ea aurkitu
genezakeen modua
diruak izan dezan kultura
eta kulturak dirua
Aitor Mendiluze

ARGAZKI ZAHARRA
Trantsizio garaian, EAJ alderdian zebilela, mitina botatzen.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude