Nork ez du hartu bada, noizbait betazal behekaldean ukabilkadaren bat? Auzoko eskolan ia eguneroko kontua izaten genuen. Ez zen inor harrituko errekreotik norbait bekainen bat handituta edo masaila gorri gorri eginda sartzen baldin bazen ikasgelan. Gero izaten ziren komeriak, etxera biltzeko garaian. Handitua beltz eta gorria ubel. Eta ikaskideekin adostu behar izaten zen bertsio ofiziala, etxean egiazkotzat eman behar zena: futbolean genbiltzala, baloia buruz jotzean arerioarenaz topo egin genuenarena zen ohikoena, sormen gizenik behar ez eta beti eskura debalde. Aitak, barre txiki batez egingo zuen paso, amak amonaren ukenduaz ubeletan igurtzia ematen zizun bitartean. Egun gutxi barne, hartutako ostiaren arrastoak gorritik ubelara, ubeletik horira joango zitzaizkizun espantu handirik gabe. Hurrengorarte. Bushi gaileta batek probokatu dio ubeldura, zenbaiti bakarkako jolasetan patarrak eragin izan dion bezalaxe. Mozkortu eta erori. Bere hedagentzia eskola eta mundua etxe, bertsio ofizialak sormenaren aldetik sekulako plakia adierazten du, bere amari ere sartuko ez liokeen ziria asmatu baitu. Irrigarria.