argia.eus
INPRIMATU
Eski oholak, botak, euskarriak, uhalak...
2002ko urtarrilaren 27a
Mendiko eskian erabiltzen diren oholak, euskarriak eta botak beste eski motetakoengandik desberdinak dira, jaisteaz gain maldan gora igotzea ere ahalbidetu behar baitute. Jaitsierak egiteko eski alpinoan erabilitako ekipoak izango lirateke onenak, baina igoerarako ahalik eta ekipo arinena behar dugu, bestela pentsa zer izango den hanka bakoitzean hainbat kiloko zamarekin igotzea... Horregatik, mendiko eskirako ohol, euskarri eta botak tarteko soluzio bat direla esan daiteke.

Oholak eski alpinokoen antzekoak dira itxuraz, baina normalean arinagoak eta motzagoak dira, nahiz eta hemen norberaren gustu eta preferentziek eta aurrekontuak ere eragina duten. Beste eskietatik bereizten dituzten xehetasun batzuk dituzte, espatulako zuloa eta zola fluoreszentea edo kolore bizikoa, esaterako. Botek ere, eroso igotzeko eta eskiatzen ongi jaisteko balio behar dute, baita oinez ibiltzeko ere, batzuetan eskiak kendu eta makutoan gordeta, oinez jarraitu behar baita, pasabide zail batetik edo elurrik gabeko eremu batetik igaro behar denean, adibidez. Horregatik gomazko zola izaten dute, mendiko botek bezala. Oinetakoen kontuan ere, norberaren gustuak erabakigarriak dira. Batzuek jaitsieraz ederki gozatu nahi izaten dute eta ohol edo bota gogorragoak eta astunagoak nahiago dituzte, nahiz eta igoeran deserosoagoak izan. Beste batzuek nahiago dute igoeran alferrik ez nekatu eta arinago joan. Izan ere, igoeran denboraren zati handiena pasatzen dela kontuan hartuta, zentzuzkoena da. Eski alpinokoekin alderatuz gero, orokorrean bota arinagoak, erosoagoak eta ibiltzeko egokiak izaten dira.
Ohola eta bota euskarriak elkartzen ditu. Lehenago esan bezala, igotzea eta jaistea ahalbidetu behar du, horregatik, jaisterakoan eski alpinoko euskarri batek bezala funtzionatuko du, eta igotzerakoan iraupen eskiko batek bezala, hau da, orpoa oholetik libre geratuz. Honela, elur gainean oinez ibiliko bagina baino erosoago joango gara gehienetan, pauso luzeagoa emango baitugu. Malda gogortzen den neurrian, mendiko euskarriak izaten dituen altxak asko errazten du igoera, orpoa gorago kokatuz ez baitugu oina maldaren paralelo eraman beharrik. Euskarria eta ohola eroriko batean ez galtzeko, botari uhal batzurekin lotuta eraman ohi dira.
Igoeran ohola atzerantz ez irristatzeko, foka larrua deitzen den ile gogorreko banda batzuk itsasten zaizkio eskiari, zola osoa estaliz. Ileak atzerantz (maldan beherantz, alegia) orientatuak daudenez, ohola aurrerantz irristatzen da, baina ez atzerantz. Igoera bukatutakoan oholei foka larrua kentzen zaie. Aitzina foken benetako larrua erabiltzen zen, baina gaur egun ez dira horretarako fokak hiltzen, beste materialekin egin ohi dira. Elur oso gogorra edo izoztua topatuz gero, hortzak (eskiaren kranpoi modukoak) lagungarri gertatzen dira igoeran ohola hobeto eusteko, egoera horretan foka-larruak ezingo baitu ohola ongi eutsi eta atzera egitea eragotzi.
Beste eski motetan bezala, bi bastoi erabiltzen dira, bai igotzeko eta bai jaisteko. Baina horretaz guztiaz gainera, egingo den ibilbidearen eta aurkituko diren zailtasunen arabera, arrunta izaten da kranpoiak eta pioleta eramatea, eta zeharkaldi zailetan soka bat eta eskaladako gainerako tresnak ere bai