argia.eus
INPRIMATU
JULEN GARIKANOPEÑA
"BOTEREAREN IZAERA AZTERTZEN SAIATU NAIZ"
Pilar Iparragirre 2002ko urtarrilaren 27a
Zergatik «Zura eta Harrak» izenburua?
"I txing" antzinako liburu txinatarretik atera nuen titulu hori. Oraindik ere Txinako aztiek liburu horretako irudiak erabiltzen dituzte errealitatea aztertzeko. «Zura eta Harrak» ustelkeriaren irudikapena-edo da. «Zura beherago, harra barnago», dio euskal esaera zaharrak, eta zuraren harrak leku guztietan daude, erroak jan eta jan. Baina ustelkeria ez da berez txarra. Ustelkeriari esker, bizitza berriro has daiteke. Gobernuak, boterea, erakunde zorrotzak beti irauteko osatuak diruditen arren, uste baino lehen, eta nahita nahi ez, erortzen dira.

Zure liburuaren irakurleak, zer aurkituko du bertan?
Zientzi fikziozko bi nobelatxo. Balizko gizarte bat islatu dut haietako bakoitzean. Lehenengoan, kapitalismo basatia deitzen den horren bortizkeria guztia agerian uzten ahalegindu naiz. Bigarrenean, berriz, ordenagailuen bidez ezarri daitekeen ordena. Bietan, boterearen izaera aztertzen saiatu naiz, umore beltzaren bidez.

Gaur arte euskaraz ez da zientzi fikzioa gehiegi landu...
Bada, horixe baino ez da nire asmoa, zientzi fikzioa euskaraz lantzea. Izan ere, zientzi fikzioa eta beste genero literarioak oso desberdinak dira, zientzi fikzioa lantzen dutenen helburua errealitatea aztertzea baita; munduaren arauak aldatuz, mundu berriak sortzea, gure izaera hobeto ezagutzeko. Eta orain plazaratzen ditudan bi nobelatxootan horixe egin dut, bi errealitate ziztrin irudikatu. Bi balizko gizarte ia ezinezko baina hala ere oso hurbil eta beldurgarriak sortu. Batean, heriotza, zigorra, torturak eta drogak dira nagusi. Bestean, sentimenduak eta oroimena ere ezabatzen zaio jendeari, eta beharraren arabera beste batzuk txertatu.