argia.eus
INPRIMATU
Arturoren kaiera
2002ko urtarrilaren 27a

EUSKARAZKO HARRERA XELEBREA

Nafarroako Gobernuko presidente Rafael Gurreak hiritarrei euskarazko harrera egiteko zerbitzu berria, bideokonferentzia bidezkoa abiatzea aztertzen ari dela esan zuen administrazioko langile ordezkariekin duela gutxi egindako bileran. Gurreak esan zuenez, «funtzionarioak euskalduntzea baino merkeagoa litzateke». Gurrearen adierazpenek kritika ugari eragin dute, besteak beste, LAB sindikatuarenak eta Batasuna, EA eta EAJ alderdienak.


«DIARIO DE NAVARRA» ERE EPEZ KANPO

Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendaritzak azaroan erabaki zituen prentsa idatziarentzako diru laguntzak. «Euskaldunon Egunkaria»ko «Nafarkaria» gehiagarriak ez zuen laguntzarik jaso, Hizkuntza Politikarako zuzendaritzak eskaera epez kanpo aurkeztu izana egotzi ziolako. ARGIAk jakin ahal izan duenez, «Diario de Navarra»k ere epez kanpo aurkeztu zituen agiriak, baina 31.277 euro jaso zituen.


IX. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

Euskararen erabilera izango dute ardatz Ikastolen Elkarteak antolatutako IX. Jardunaldi Pedagogikoek. Otsailaren 19tik 22ra burutuko dira Miramon Donostiako Teknologi Elkartegian. Jardunaldiotan, irakaskuntzaren ikuspuntutik aztertuko dute euskararen erabilera, baina, normalizazio prozesuan jarduten duten hainbat erakunderen ekarpena ere jasoko dute. Besteak beste, Iñaki Martinez de Luna, Johan Haggman, Lorea Bilbao, Zuberoa Beola eta Kike Amonarrizek eskainiko dituzte hitzaldiak .
.


PATXI GOENAGA, HIZKUNTZA POLITIKAN

Hemendik aurrera, Patxi Goenaga, Miren Azkarateren konfiantzazko pertsona, izango da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde, Xabier Aizpurua ordezkatuz. Euskara Biziberritze Plana garatzea izango da bere lehen eginbeharretakoa.