Neguko ekinozioak luzatzen dio urte berriari abiatzeko baimena. Ekinozio hau udazkenaren amaian izanagatik jendeak "neguaren bihotzatzat" jotzen du. Urteko egunik motzenak eta gaurik luzeenak dira. Urte berriarekin eguna gauari apurka-apurka segunduak, minutuak, denbora higatzen hasten da. Tenperaturarekin batera argitasuna da, batik bat, landareen bizi nahia bizkortzen duena. Datorren zikloari begira erreserbak dantzatzen hasiko dira eta azkarrenek neguaren amaierako izotzaldia baino lehenago lore-jendearen lanak eginda nahi izaten dituzte. Hurritza (Corylus avellana) eta haltza (Alnus glutinosa) ditugu oraintxe lan horretan murgilduta. Biak ondo bereizitako lore ar eta emeak dituzte soinean. Urrutitik ikusteko modukoak, harro, arrak dira; batean laruak, ardo kolorekoak bestean. Nabarmenak, urte osoko agerraldia oraintxe egin behar dutelako, behin polen hautsa zabaldu eta lore emeak ernalduz gero beste ezertarako gauza ez eta landareak, lasai asko, lurrera botako dituelako. Emeak, aldiz, ttiki-ttikiak ia ikustezinak dira, harropuzkeriatan ibili baino lan garrantzitsuagoak bai baitituzte. Ernaldu ondoren hor iraun beharko dute negu osoa, izotzaren beldur, hostaia berriarekin bat elikagaiak ekarriko dizkion izerdi kolpe handiaren zain; gero hilabeteak joango zaizkie fruituak hazi eta heltzen.
Emeen iazko fruitua janez arren harroputzaldia, neguko irriño batez, errekazulo gehienetan ikusteko modukoa da
mandiozerain.com