argia.eus
INPRIMATU
297 DIRA TRANSPLANTEDUNAK
Jabier Agirre 2002ko urtarrilaren 27a
I a sei urte pasatu dira Euskal Herrian lehenengo gibel-transplantea egin zenetik. 65 urteko paziente arabar bat izan zen Gurutzetako ospitalean 1996ko otsailaren 1ean era honetako operazio bat jasan zuena, zazpi orduz luzatu zen ebakuntza arrakastatsuan. Egun hartatik gaur arte 297 pertsona izan dira operatuak, guztira, Euskal Herrian, gibel berri bat eskuratzeko. Ebakuntzaren ondotik, horietatik % 84ak bizimodu normala egitea lortu dute.

Operazioaren ondotik lehenengo urtean bizirik irauteko posibilitateak % 90 baino handiagoak dira, EAEko gibel-transplanteen programaren zuzendaria den Jorge Ortiz de Urbina kirurgialari donostiarraren hitzetan, "pazienteak aldian behin berrikuspen batzuk pasatu beharko ditu, eta medikazio bat hartu beharko du, baina gauza txiki horiek kenduta, bizimodu normala egingo du, bizi-kalitatean eta bizitzan irabaziz, bai beretzat eta baita bere familiarentzat ere".
Euskadik dauka gibel-emaileen tasarik altuena Espainia osoan, milioi biztanleko 50 emaile baitaude gure inguruan. Emailearen batez besteko adina 45 urtekoa den bitartean, hartzailearena 55 urtekoa da. Zoritxarrez, oraindik ere badaude itxaron-zerrendan sartuta egonik, hiltzen diren pazienteak. Bost urteotan (hau da 1996tik hasita) hamahiru hildako kontabilizatzen dira guztira, Espainiako zifrekin alderatuz ia erdira jaitsi badira ere. "Eta zergatik hil-tzen dira? Agian gaixoegi iristen direlako", dio Ortiz de Urbina medikuak. Beren kasua kontrolatzen duten oheburuko medikuek eta digestologoek lehenago sartu beharko lituzkete transplante-programetan eta horrela hildakoen kopurua agian gutxitu egingo litzateke