argia.eus
INPRIMATU
ZERGATIK ERROSKILEI MUZIN EGIN?
Elixabete Garmendia 2002ko urtarrilaren 20a
G ure ama erabat asaldatuta zegoen: «Irakurri al dituzu Bernardo Atxagak ‘Diario’n esaten dituenak?». Ez bada, periodikoei oraindik heldu gabe harrapatu ninduen-eta zapatu goiz hartan. Ama lasaitzen saiatu nintzen. Irentsi berria nuela -irentsi diot, izan ere parka erantzi ere egin gabe irakurri bainuen, buzoitik hartu eta lasterka- ARGIAn Eizagirre ahizpek egindako elkarrizketa, eta han ez nuela ezer hain kezkagarririk somatu. Baina «Diario Vasco»koa hartu eta, egia, izenburua edonor asaldatzeko modukoa zen: "Bernardo Atxaga augura la desaparición de la comunidad euskaldun ‘en un plazo no muy largo’".

«Egunkaria»n Bidebarrietako hitzaldiaz egindako iruzkinari heldu behar izan nion gauzak bere tokian jartzeko. Hemen, «Diario»k izenburutzat hartutako ideia modu honetara azaltzen zen: "Euskara eta euskal kulturaren etorkizuna, benetan egoera oso kaskarrean dago eta aurrerantzean gerta daitekeen ondorioetariko batzuen artean, euskararen desagerpena ere izan daiteke horietako bat. Horrekin batera, euskal komunitatearen desagertzea horri lotuta egongo litzateke, inolako ezbairik gabe". Indikatibotik potentzialera badagoela alde puska bat. Hala ere, astebete baino lehen Aitor Arana "Atxagari, kezkaz, denbora eske" zuzendu zitzaion «Egunkaria»ko gutunetan, bertan argitaratutako iruzkina -eta ez «Diario»koa- oinarritzat hartuta. Aitor Aranaren ikuspegitik Atxagarenetik baino gertuago aurkitzen dut nere burua, "eskuetako hamar hatzak eta bat baino gehiago" behar izanez duela 25 urte kazetaritzan sartu nintzenetik euskarak eta euskal kulturaren munduak izan dituzten aurrerapenak kontatzeko.
Nere lagun batek dio euskaldunok beti galtzera apustu egiten dugula. Laguna motz geratzen ari delakoan nago: irabazita ere, gure garaipenak hutsaren hurrengotzat jotzen ditugu euskaldunok. Arrakasta susmagarri bihurtzen zaigu, oparotasuna zer esanik ez. Beti dabil gure artean joera aguafiestasen bat baina... kenketaz eta damuz geuri dagokigun poza murriztuko duena. Gure tantoak kontrarioari oparitzen dizkiogulakoan nago. Durangoko Azokatik berrehun milatik gora lagun pasa direla? Argitaldariak gustura daudela ondo saldu delako? Baina... "Durangoko azoka euskal kulturaren panazea dela esaten du batek baino gehiagok, eta dena ondo doala uste dute. Baina, nire ustez, azokan saltzen diren euskarazko liburuen, diskoen eta bestelako produktuen kopurua aztertzen baldin badugu, oso kopuru txikia da".

Durangoko Azoka lanean bizi izan dut azken urteotan, telebistarako saioak eginez. Aurten hiru atal izan dira, berrogeina minutukoak, osorik hor aurkezten diren liburu eta disko berriei eskainiak. Frustrazioa, hauxe: dagoenaren artetik entresaka gehiegizkoa egin beharra, gutxi batzuei bakarrik tartea eskaini ahal izatea. Xuhurregi ibili beharra alegia, produkzioak gainezka egiten duelako. Eta gauza ez da kantitatea bakarrik. Nork ez du irrikaz itxoiten halako liburu edo diskoren gozamena? Eta nork ez dio erromerietatik erroskilak bezala eramaten lagunari opari hau eta iloba txikiari bere lehen ipuin liburua? Eta txarra al da liburuak eta diskoak, bideoak eta aldizkariak erroskilen pareko izatea?

Azokaren -mundu guztiko azoka ororen- ezaugarri bat jendeak elkar ikusi eta topo egitea da. "Giro aparta"rekin batera, kroniketan aurrez idatzita egoten den hori: "lagun zaharrak agurtzeko parada". Esaera topikoa gorrotatzen dudan modura, gertaera gogoko dut ordea, batez ere fauna ezberdina ikusteko aukera ematen duen aldetik. Eta horretan, aurten topatu ditudanetatik bi bakarrik aipatuko ditut, adinez eta estiloz abanikoaren bi muturretan egon daitezkeenak: Bittor Kapanaga otxandioarra eta Iñigito lekeitiarra, Etsaiak eta Txapelpunk-eko punkia. Bien figura kontrajarriak gogoratzetik ateratzen ditut kontuak, zein tribu ez ote den egon Azokan.
Durangoko Azoka Gernikako urriko azken astelehena, Santo Tomas, San Blas eta Ernioko erromerien zirkuitoan sartu zaigu, bai. Ulertzen dut erosketak delicatessen dendan gusturago egitea, baina noizean behin txistorra koipetsuak eta talo erdi gordinak kalterik egiten ez dutelakoan nago. Jakina Durango ez dela euskal kulturaren panazea, baina zergatik lainoa jarri gainean Azokak daukan erakarmen gaitasunari? Tantoari uko egitea tongoa da