Karlos Linazasorok honela idatzi zuen «El Diario Vasco»n:
« (...) Datuak nabarmen argiak dira, kezkagarriak oso; baina ez zaituztet numeroekin gogaitu nahi. Gauzatxo bat soilik: Tolosan, irakurle euskaldunaren kopurua %9,6koa da, eta orain lau urte, 1998an, %14ra iristen zen. Iaz, beraz, ehun liburutik hamar soilik ziren euskarazkoak, Tolosan. Eta, ezinbestean, Atxagak orain gutxi esan zituen hitzekin akordatu naiz. Neuk ere, hementxe bertan, duela ez asko, euskal kultur berpizkundeari buruz jardun nuen, eta gure kultur indarren ahuleziaz. Hausnarketa falta izugarria dago euskal gizartean, eta norbaitek geure totem ukiezinen aurka ahotsa goratzen badu, kritikak eta irainak eta mezpretxua besterik ez ditu jasoko. Hala, ukiezinak bihurtu dizkigute ETB, Durangoko Azoka, Guggenheim museoa eta beste hainbat megaikur. Horiek abonatuz betetzen zaigu ahoa eztiz, ondo dihoazelakoan, baina gauza ttiki, egunerokoei, benetako kultura eta bizia egiten dutenei, ez diegu erreparatzen, eta gaizki gabiltza. Oso. Nik ez dakit euskara desagertzeko zorian den, baina ez dago gaizki sartua akuilua. Hara: hemen, gutxi irakurtzen da, euskaraz ia ezertxo ere ez, ez da teatrorik idazten, urtean sei poema liburu baino ez dira argitaratzen, ez dago saiakerarik, jendeari bost axola dio orok: baina, hori bai, txilbor ederretan ederrena daukagu euskaldunok».