argia.eus
INPRIMATU
LUIS SANZO
"ERABATEKO GALTZAILERIK EZ DADIN BIDE DA"
Pilar Iparragirre 2002ko urtarrilaren 20a
Zer eskaini nahi izan duzu lan honekin?
Ordezko aukera bat, euskal gizarteak jasaten duen benetazko arazoa noizbait konpondu ahal izateko. Arazo hori euskal hiritarren artean ematen den zatiketa eta indarkeriaren iraupena da. Nik liburuan proposatzen dudan bidea ez du gaurdaino inork errefusatu, ez abertzaleen artean, ez ni bezala nazionalismo moderatuaren eta konstituziozaletasunaren artean gabiltzanok, ezta nazionalistak ez direnek ere. Abantaila bat du, autodeterminazio eskubidearen erabilera klasikoaren aldean: galtzaile eta irabazle egoera gainditzen duela. Eta horixe da hemen behar duguna, euskal hiritargo osoa errespetatuko duen eredua bilatzea, geure artean erabateko galtzailerik gerta ez dadin, Europako hainbat lurraldetan gertatu den bezala, hemendik inor bere herria utzi eta ihesi joan beharrean suerta ez dadin.

Nork parte hartuko luke zuk aldarrikatutako elkarrizketan?
Euskal alderdi abertzaleek (Batasuna barne, indarkeria mugagabeki baztertzen bada behintzat, nahiz baztertze hori behin-betikoa ez izan); Euskal Herriko alderdi ez abertzaleek, eta gainontzeko alderdi espainiarrek. Izan ere, alderdi horietako bakoitzak berezko interes eta jarrerak dauzka, eta era horretan, euskal hiritar guztiak egongo lirateke ordezkaturik. Lizarra-Garaziren akats handienetako bat abertzale ez ziren alderdiak baztertzea izan zen.

Zein izango litzateke elkarrizketa horren helburu nagusia?
Konstituzio espainiarraren aldaketa. Besteak beste, zenbait ezaugarri berezi dituzten lurraldeetarako autodeterminazio eskubidearen erabilera jaso eta legezta dezan. Eta azken 20 urteotan indarrean dagoen sistema autonomikoa ere eguneratu beharko litzateke.