argia.eus
INPRIMATU
ARGIAK KALTE
Jabier Agirre 2002ko urtarrilaren 20a
Agian zuetako askok ez zenuten gai honetaz sekula ezer entzun eta ezta irakurriko ere, baina nahikoa izan da Alejandro Amenabar zine-zuzendariak Nicole Kidman ilegorriarekin film bat egitea, eta horra hor non egunkari guztietan fotosentsibilitateari buruzko artikuluak irakurtzeko parada eduki dugun.

Argiarenganako sentikortasuna (horixe besterik ez baita gure zinema karteldegian oraindik ere ikusgai dagoen pelikulak jorratzen duen gaia), genetikoki determinatua dago. Oso altua da ile hori eta azal argia duten pertsonetan (zer esanik ez ilegorrietan), eta oso baxua, berriz, arraza beltzeko edo jatorri asiarreko pertsonetan. Hainbat botika modu sistemikoan edo baita topikoki ere erabiltzeak argiarekiko sentsibilitatea gehitu dezake.
Erreakzio fotoalergikoak (hortan datza kontua, argiarekiko nolabaiteko alergia bat) lehendik jada sentsibilizatutako pertsonetan agertzen dira, eguzki izpien aurrean edo A izpi ultramoreen eraginpean jartzen direnean. Eta ondorioa ukipeneko dermatitis alergiko bat izaten da: azala agerian dauden gorputz-ataletan aldatzen eta erasaten da gehienbat (aurpegian, lepo aldean, eta gorputz adarretan batez ere).
Gomendatzen den tratamendua, eguzkiaren kontrako babesa zorroztea da batetik, metodo fisikoak (arropa egokia, eguzkitakoak, kapelak eta abar) eta kimikoak (kremak, lozioak eta abar) erabiliz. Zenbait kasutan botikak (immunogutxitzaileak) ematea ere beharrezkoa gerta daiteke, segun eta zenbaterainokoa den fotosentikortasunaren erasana