argia.eus
INPRIMATU
Urrobi-Irati Ibaiak. Bizi nahi duten bailarak
  • gutxi barru "historia izan daiteke", gaur egun bailara zoragarri hauek, batik bat Iratik zeharkatzen duena, mehatxupean bizi direlako. Gaur egungo baskoiak Itoizko inguru ikusgarri eta ederrak bizirik segi dezaten nahi duten ekologistak dira, eta Karlomagnoren gudataldeen ordez aspalditik "lanean" ari diren induskailu edo eskabadorak ditugu. Beraz, etorkizunean ibilbide hau egitea ezinezkoa izan litekeenez, komeni zaizu berandu baino lehen bisitatzea.
2007ko otsailaren 21

Santiago Bidea

Oraingo honetan ere Nafarroa Behereko hiriburuan hasiko gara, Donibane Garazin. Hemen Iruñerako bidea hartuko dugu, Auritzeraino utziko ez duguna. Segituan Uharte-Garazitik pasako gara.
Hemendik Nafarroa bien arteko mugaraino bailara polita zeharkatuko dugu. Muga hau 8. km.an harrapatzen dugu, Arnegin. Arnegi, gaur egun Nafarroa Behereko herria, lehen Luzaideko auzoetako bat zen. Gaur egun muga-aldea bentaz beterik dago, eta erdigunean, ezkerrera, eliza nabaritzen da.
Muga igaro eta berehala Ibañeta mendatea igotzen hasiko gara, eta 3 km. aurrerago jada Luzaideko elizaldean sartuko gara. Kondairaren arabera atzerriko 14 lapurrek beren 14 etxeekin sortu zuten herri hau bost auzo sakabanatutan antolatuta dago, bata bestearen atzetik: Pekotxeta, Elizaldea, Azoleta, Gaindola eta Gañekoleta. Berehala konturatuko gara (arkitekturan, euskaran), hemengo jendeak askoz kontaktu gehiago duela Nafarroa Beherearekin Garaiarekin baino. Eliza bera, Erromesen monumentua eta hilerriko hilarriak nabarmentzen dira.
Igotzen jarraituz, paisaia gero eta ederrago eta basatiagoa bihurtzen doa. Zuhaitz eta haitzez beteriko mendien arteko bailara estua, segada baterako egokia... Argi dago 778an lurra baskoien aldekoa zela. Elizaldetik 11,5 km.ra haran osoa ikusteko paregabeko begiratokia dugu. Beste lau kilometro eta Ibañeta mendatea harrapatzen dugu. Ezkerrean, San Salbador baselizaren alboan, Errolanen monumentua eta aparkaleku-begiratoki handi bat ditugu.
Pagadi eder bat zeharkatuz, pare bat kilometro eta Orreaga mitikoan gaude. Kolejiata hau milaka erromesen atsedenleku izateaz gain, gertaera handi askoren lekuko izan da.
Auritzerako bide ederrean, zuhaitz lerro biren artean, segituan errepidearen ezkerraldean harrizko erromes gurutze handi bat ikusiko dugu. 2,5 km.ra Auritz dugu, eta bere erditik zeharkatuko dugu, etxe zuri eta politek edertzen duten kale nagusitik. Herri hau lehenbizi "Burgo de Roncesvalles" deitua, XVIII. mendean harresiz inguratu zen; kale nagusi hau antzinako erromatar eta Done Jakueren bidea izan zen.

Auritz utzi eta handik kilometro batera bi bidegurutze (bata bestearen ostean) ikusi eta bigarrenean ezkerrera egingo dugu, Iruñerako bidea utziz eta Agoitzera zuzenduz.


Urrobiren ibarra

Orain arte ere ibai honen inguruan ibili gara, baina hemendik aurrera gure alboan eramango dugu, hainbat aldiz gainetik pasako dugularik. Arboladi handia igaro ostean, bidegurutzetik 9,5 km.ra Arrietako Bentak izenekoaren lehenbiziko etxeetatik pasako gara.
Beste bost km. eta Uritz zeharkatuko dugu. 20 biztanle besterik ez dituen nekazal herri hau haran honetan aurkituko ditugunen eredu izan daiteke, aurrekoa eta hurrengo Nagore bezalakoa. Urrobiren inguru honetan garrantzitsuena paisaia da. Leku bereziki ikusgarri gutxi ikusiko dugu, baina osorik hartuta oso ibilbide atsegina da.
Nagoretik 3 km.ra hala ere, gure begirada harrapatuko duten bi aitzaki handi eta bitxi agertuko zaizkigu, bidearen ezkerraldean.
Berehala Atoitzeko urtegiaren lanak ikusten (pairatzen) hasiko gara. Ibilbidearen 56,5. km.an Itoitz herriska (geratzen dena) txiki baina ezin ospetsuagoa harrapatuko dugu. Espero dezagun denbora luzean bisitatu ahal izatea. Aurrerago eskuinerantz hartuz, urtegia eta inguruko lanak "distira osoz" behatzeko aukera izango dugu. Tamalez, behatu bai, baina ikusten dugunaz gozatzeko arrazoi gutxi dugu.
Azkenik, Itoitzetik 4 km.ra Agoitzera iritsiko gara, urtegiaren aldeko eta aurkakoen "kuartel nagusia". Ikusi beharrekoetara bakarrik mugatuz, monumenturik nabariena San Migel Arkaingeruaren eliza dugu, XV. mendean hasia, erromaniko baten gainean (honetatik dorrea mantentzen da), barruan erretaula ederra duena. Auzola edo Bidelepu Erdi Aroko zubia ere azpimarratzeko modukoa da.


Iratiren Ibarra

Azken bidegurutzera itzuli eta eskuinera eginez, gure urtegi "maitatuak" ito nahi duen bailara eder hau zeharkatuko dugu. 4. km.rako gure gainean begiratoki itzel baten itxura duen mendia dugu, eta handik par bat kilometrora Usotzeko presa.
Hortik 500 metrora, aparkatu eta Irati ibaiaren gaineko egurrezko zaldain edo zubitxo bat dugu, ur bizien gainean zintzilik baina erabilgarri. Bide ikusgarri honen zatirik handiena haizpitarte baten artean doa, ibaia gure eskuinean daramagula.
80. km.rako, eta bere zentral hidroelektrikoa pasa ostean, Orotz-Beteluko udalerrian sartuko gara. Bertan zenbait trikuharri kokatzen dira. Laster paisaia aurrepirinioarra berragertuko da, eta bidea haritz eta pagoez jantziko da. Tartean Olaldea iragango dugu.
Beste lau kilometro eta ezkerrera egingo dugu, Auritzerantz. Ariztokia gain honetatik panoramika polita dugu.
Azkenik ibilbidea pagadi eta harizti zabalen artean kokaturiko Garraldan amaituko dugu. Herri hau 1898ko sutearen ostean berreraiki egin zen.
INFORMAZIO PRAKTIKOA

LUZAIDE


Jatorduan:
Iñaki Jatetxea- Elizaldea z/g.
La Paloma Jatetxea- Pekotxeta auzoa.
Jan eta lo egiteko:
**Hostal Maitena- Elizaldea. 948- 79 02 10. Log. bikoitza 33,06 - 39,07 Euro
Hostal Casa Marcelino- Elizaldea 1. 948- 79 01 86. Logela 36,06 - 48,08 Euro
Etxezuria Nekazal Etxea- 948- 79 00 11. Logela bikoitza 22,83 Euro
Kurutzezahar Nekazal Etxea- Gaindola. 948- 79 00 52. Logela 21,03 Euro



AURITZ


Osasun-zentrua: 948- 76 02 60.
Jatorduan:
Maritxu Jatetxea- Orreagako Etorbidea.
Txikipolit Jatetxea- Orreagako Etorb.
Jan eta lo egiteko:
***Hotel Loizu- Orreaga Etorb. 7. 948- 76 00 08. Logela 45,08 - 54,09 Euro
**Hostal Burguete- San Nikolas 59. 948- 76 00 05. Logela 34,85 - 40,9 Euro
*Hostal Juandeaburre- San Nikolas z/g. 948- 76 00 78. Logela 22,83 Euro



AURITZBERRI


Jan eta lo egiteko:
Urrobi Kanpina- Iruñea-Luzaide errepidea, 42. km. 948- 76 02 00.



AGOITZ


Osasun-zentrua: 948- 33 40 54.
Jatorduan: Jatetxe Leihoa - Sta Ageda 1.
Jan eta lo egiteko:
*Hotel Beti Jai- Sta Ageda 4. 948- 33 60 52. Logela 21,03 - 33,06 Euro


OROTZ-BETELU


Lo egiteko:
Jabat I Nekazal Etxea- 948- 76 42 50. Logela bikoitza 21,03 Euro



OLALDEA


Jan eta lo egiteko:
Arcelus Nekazal Etxea- 948- 76 42 87. Logela bikoitza 21,03 Euro



GARRALDA


Turismo Bulegoa: 948- 76 43 74.
Jan eta lo egiteko
*Hotel Auñak- K/ Arostegi 15. 948- 76 40 58. Logela bikoitza 46,9 Euro