Hainbeste ipuin argitaratu ondoren, zure bigarren nobela...
Duela hamar urte lehen eleberria argitaratu nuenean, nahiko saturatuta gelditu nintzen errealismoaz eta Euskal Herriaren egoera politikoaren gaiaz. Alabaina, bigarren nobela hau ere errealista da eta Euskal Herriaren egoera politikoaz hitz egiten du. Egia esan, gai bera dute biek, eta gainera, protagonista bi kasuetan unibertsitateko irakaslea da. Biak daude ETAren kontra, baina oraingo honetako protagonista harantzago doa, autoexiliora hain zuzen.
Narrazioan zehar, zer kontatzen duzu?
Liburu hau bidaia bat da, kanpo-bidaia eta barne-bidaia batera, barnekoak kanpokoak baino pisu handiagoa duen arren. Protagonistak Euskal Herriko egoera politikotik ihes egiten du, ez du itzultzeko gogorik sentitzen, baina agian ez da konturatzen bere iraganetik ihes egiten ari dela eta horri dagokionez inportanteagoa dela bere egoera pertsonala Euskal Herrikoa baino, biak bereiztea ezinezkoa bada ere, eta bigarrenaz lehenengoaz baino gehiago hitz egiten duen arren. Hain zuzen, horrexegatik hitz egiten du gehiago Euskal Herriaz bere buruaz baino.
Nola laburbilduko zenuke protagonistaren jarrera?
Agian James Joyce emulatu nahi du, bere aberriaren nazionalismo itogarritik urrundu nahi baitu, sekula ez itzultzeko; baina garbi dago ezingo duela, horretan ez dela irlandarra bezalakoa izango, eta ziur aski hirugarren nobela bat idatziko dut, protagonistaren itzulera kontatuz, Euskal Herrian benetako bakea lortu eta gero. Protagonista ez baita heroi bat, ihes egiten du presio politikoa ezin duelako jasan, mehatxatuta baitago. Antiulises bat da, apur bat koldarra. Ihes egiten du gerratik, bere arbasoek ez bezala.