argia.eus
INPRIMATU
LEHEN URRI
Joxemari Ostolaza 2002ko urtarrilaren 13a
Gero murri, orain eskas. Mutil kozkorretan ezagutu nuen nik zilarrezko duroaren desagertzea. Dotorea genuen oso. Gure aitonari ikusi nizkion gehien bat. Kaskarrekoak berdintzeko omen zen egokia. Hala zioten auzoan, gu kaskarrekotik ongi hornituak ibiltzen baginen ere ez baikenuen frogatzerik izan, nik behintzat ez dut holakorik gogoan. Zentimoka zenbatzen ohituak, pezeta zerbait zen, Donostiako portuko eskaileretan erne, turistek uretara nekez botako zizuten urre ilun koloreko hura. Gehienek hamar zentimokoaz lortzen zuten dozenatik gora mutil kozkorren lehia hura harrapatzeko bertatik ikustea. Eta eskuzabalenek erdian txuloa zuen bi errealekoa libratuko zuten, hondora txulogabeak ez bezala xuxen xuxen joaten ziren eta guk errazen hartzen genituen haiek. Eta pezetaz jabetzen hasi ginenean, libera ezagutu nuen. Aitonaren duroa baino hiru halakoaren balioa ematen ziotena. Orain bost. Ohituak gaude jada liberatara, milarka nahi ditugunean xaharretan zenbatu eta kontent. Orain euroa. Hamar milan, kotxe berria. Berrehun milan Donostian ezik apartamentoa. Alukeria, berria denez ezingo dugula xaharretan zenbatu