argia.eus
INPRIMATU
HAGINAREN MINA
Jakoba Errekondo 2002ko urtarrilaren 13a
Aurtengoa omen da negua! Bada, ondo neguaren zuhaitza da hagina (Taxus baccata). Inguruko zuhaitz gehienek, jelatzeko beldurrak, hostaia bota eta adarje soileko txardengoetan bizimodua alaitzen dioten txorien habiak salatzen dituzten artean, haginak, beltz, habiak harro babesten ditu eta habikideak elikatzen. Bisita eta mirets itzazu.

Adiskidea, hagina eta gure arteko guda ez da berdantzartekoa. Jullian Huxley naturazale eta biologo ingelesak zioenez, Ingalaterran ezagutzen den lanabes zaharrena, 400.000 bat urte omen dituen Clacton ibaiaren garai bateko legarretan azaldutako 36 cm. luze den zurezko lantza mutur bat da. Hagina, adiskidea… Kuprearen Aroko, duela 5.000 urteko Kalkolitikoko, "Alpeetako gizon" deitu den momia famatuak alboan eusten zituenetako uztaia eta aizkoraren kertena: hagina. Erdi Arotik aurrerako gizakion arteko guduak arte ez genuen hagina eraitsi. Orduan hasi zen zuhaitz eder honen benetako gainbeherakada. Gudarako uztai onenak haginezkoak: 45 kg.ko tentsioa eta metroko azkona 300 metrotik haratago jaurtitzeko gai: zura lanerako gozoa, eskurako leuna, malgua, gogorra, zaila eta usteltzen ez dena: sekulakoa. Galesko Abergavenny hiriko setioan uztai hauen azkonek aldenik alde igaro omen zituzten zortziko haritzezko ateak oroigarri gisa jasota omen daude. Azken bat, Tirolgo haginak akabatu zituena, 1559-60 biurtekoan landutako 36.000 uztai saldu omen zituzten Ingalaterrara eta Herbeheretara