argia.eus
INPRIMATU
GEHIEGIZKO ERANTZUKIZUNA
Jabier Agirre 2002ko urtarrilaren 13a
Beren seme-alaben amak izan dira, baina orain bere ilobekin ere funtzio bera betetzea suertatzen zaie sarritan. Beren etxekoandre egitekoa ahaztu gabe, gaixorik dauden senideak zaintzen dituzte, etxera itzultzen diren seme edo alaba banandu berriak babestu eta ilobak istripu eta gaixotasunetatik libre gordetzen dituzten bitartean. Eta beren osasunak burdinazkoa dirudien arren, medikuek lehen abisuak eman dituzte jadanik: amonak lehertzeko zorian daude.

Granadako Unibertsitateko Ospitalean Kardiologiako zerbitzuburua den Antonio Guijarro Morales-ek alarma gorria piztu du, "Amona esklaboaren sindromea. XXI. mendeko pandemia" izeneko liburuarekin. Eta liburu horretan argi eta garbi adierazten du non dagoen arazoa: aldaketa sozialen eraginez, erantzukizun izugarria, gehiegizko zama leporatzen zaie amonei.
Duela urte batzuk, kardiologo honek sumatu zuen gero eta ugariagoak zirela bere kontsultara sintomatologia berarekin azaltzen zitzaizkion 48-68 urteko emakumeak: hipertentsio arterialaren bat-bateko aldaketak, itotzeak, takikardiak, bularreko minak, ahuldadea, tristura eta ikaragarrizko kulpa sentsazioa gainera. Mediku batetik bestera zebiltzan emakume horiek, bestalde, inolako tratamenduk ez baitzien mesederik egiten. Zer gertatzen zaitzaien, bada? Estresak depresioa eragiten zien, eta hainbat trastorno kroniko edukitzen zituzten, familia-girotik urrunduz atsedenaldiarekin desagertzen zirenak. Soluzioa, beraz, lan kargak arintzea eta beren bizimodu propioa lantzeko astia hartzea