ARRASTOAK
Otsailaren 26an beteko dira aurten berrehun urte Victor Hugo idazlea jaio zela. Frantziako Besan`con-en, jaioterrian, hamaika ekitaldi egingo dute urtemuga gogoratzeko. «Les Miserables», «Chansons des rues et des bois» edota «Marie Tudor» bezalako lanen egilea ordea, Miarritzen, Baionan, Donostian, Pasaian, Lezon eta Iruñean barrena ibili zen. Eta Euskal Herrian eginiko bigarren egonaldian Pasai Donibanen, Gipuzkoan, bizi izan zen; Donibane kaleko 63. zenbakian. Bertan egingo dira aurten erakusketak, hitzaldiak eta bestelakoak, Euskal Herrian utzi zuen arrastoa gogoratzeko. Bide batez, Euskal Herriak beregan eta bere obran lagatakoa oroitzeko. Oroimenean geratu baitira adibidez, berak idatzitako hitzok: «Euskaldun jaio, euskaraz hitz egin, euskaraz bizi eta euskaraz hiltzen da hemen. Euskara aberri bat da, kasik erlijio bat».
BBVA ETA ARTE EDERRAK
BBVA Bilboko Arte Ederretako MuseoarenFundazioko kide izango da aurrerantzean. Urtea amaitu baino lehen Fundazioko Patronatuak eta banketxeak sinatutako akordioaren bidez, 6.010.121 eurotako fondoa izango du museoak obrak eskuratzeko. Bilboko Arte Ederretako Museoa Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak zuzentzen dute. Baina Museoaren Fundazioaren Patronatuan enpresa pribatuek ere parte hartzen dute.
MUSIKA ERLIJIOSO BERRIA
EHUko abesbatzak obra erlijiosoekin osaturiko hiru disko plazaratu berri ditu. Disko hauen ezaugarririk garrantzitsuena zera da, obra hauek ez direla inoiz aurrez grabatu. Hain zuzen, XIX. eta XX. mende hasierako hiru musikoren lanak grabatu dituzte: Felipe Gorriti, Hilarión Eslava eta Vicente Goikoetxearenak.
GUGGENHEIMEN ALDI BATERAKO
DAGOENEKO Guggenheim Bilbao Museoak urte honetan bertan ikusi ahal izango diren aldi baterako hiru erakusketak ezagutzera eman ditu. Lehenik eta behin, Frank Gehryri eskainitakoa luzatzea erabaki du Museoak. Maiatzaren 26a arte izango da ikusgai. Amaitu baino pixka bat lehenago erakusketa berri bati emango zaio hasiera. «Paris: arteen hiriburua, 1900-1968» izenekoari. Maiatza eta ekainean zehar, erakusketa honek XX. mende hasieratik 68. urtera arte Parisen bizi izandako epeari jarriko dio arreta, garai hartako mugimendu eta gaiak laburbilduz. Ekaina, uztaila eta abuztuan zehar «Brasil: gorputza eta arima» izeneko erakusketak zabalduko ditu ateak. Brasileko kultura plastikoa laburbilduko da bertan instalazio, argazki, pintura eta eskulturen bidez. Azkenik, urritik urte amaiera arte, Manolo Valdés artista valentziarrari egingo dio lekua pinakotekak.
ZIUDADELAN EGIN DAITEKEENA
IRUÑEAN arte garaikideko zentroa sortzeko Nafarroako Administrazioak, Iruñeko Udalak eta Beaumont Fundazioak hitzarmena sinatu ostean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Arte Ederretako Zuzendaritzari eskatu dio zentroa ziudadelan koka daitekeen aztertzeko. Espainiako erakunde horrek ziudadelan azken 50 urteotan egin diren lanak arakatuko ditu eta monumentuaren egoera zein den ezagutzera emango du. Ondorioz erabakiko da arte garaikideko zentroa bertan egitea bideragarria den, nahiz eta zentroa sortzeko hitzarmena sinatu zenean, ziudadela zehazten zen honen kokaleku gisa.
IPUIN KONTALARIAK TREBATZEN
IPUIN kontalariak hezi eta sortzeko xedez Koldo Ameztoik Uztaritzen sortu du kontalari tailerra. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrei zuzendua da ekimena, hain zuzen ere, ipuin kontalarien desagerpena dela-eta. Oraingoz bost lagun elkartzen dira bertan ipuinak errezitatzeko, ikuskizun berriei buruzko informazioa trukatzeko...