argia.eus
INPRIMATU
ANAIA, ARREBA ETA ETENA
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2002ko urtarrilaren 13a
Espero baino lehenago iritsi haiz Donapaleura. Gazte hintzela, Kanbo eta Hazparnetik barrena, sekula amaitu behar ez zuten errebueltetatik etortzen hintzen Amikuzeko herri handi honetaraino, eta orduko kalkuluekin abiatu haiz goizean goiz. Eguna argitzerako, behar zen lekura iritsita, autoa aparkatuta, eta ondo iratzarrita hago. Ez hadi kexa behingoagatik goizegi heldu haizela eta. Total, kotxe barruan ere epel asko hago. Ea gaurko zita ondo ateratzen den.

Musika ona egokitu zaik gainera bidean zehar. Iparraldeko irratietatik zein den ez dakik seguru, edo hiru euskal irratien arteko emankizun bateratua ote den, baina beti bezala, harritu haiz berriro ere... hemen mundua beste abiadura batean doala, aixkiria.
"Bizi dadila gure herri hau
bizi bedi iritzia
askatasuna izan dedila
bake bidez iritsia
orduan pozik egingo nuke
askatasun irrintzia
maiz helburua aipatu arren
bideak du garrantzia..."
Galanta bota zian, bai, Egañak Belodromoko finalean. Bueno, hik heuk ere kritikatu huen Unai Iturriagak bezala, gai asko ezpal berekoak zirela, kartzelako gaia izan zela gainera urak gainezka egiteko falta zen tanta... Baina orain, egunak pasata, irratiz entzunda, bertso horien mailak eta bertsolarien estaturak, harrigarriak ziruditek.
Irazuk bota zuen hura ere...
"... txirrindularitza pista
hor daukagu eskinean
Euskal Herria horixe
baidegu azken finean
buelta ta buelta gabiltza
baina irten ezinean".
«Eske egia dun, jode, Belodromoko bertsoak aztertu itzan»... aurkitu dituk argudioak. «Garaiak, giroak, pertsonak, jokabideak... dena aldatu dun, eta zuek ere aldatu egin behar duzue», horixe esan behar diok, noski baietz, «ze honela segitzerik ez zagon, honela denok goaztin zulora, eta zuek aurrena, jakina. Egin ezan tregua bukatu ondorengoaren balantzea, neska»...
Amaiak -hala deitzen diote Joneri, ezkutuan daukaten etxe honetan- ez du lo askorik egin gaur. Gustora asko jaiki eta jarraituko zuen irakurtzen joan den astean iritsi zaizkion liburuetakoren bat, baina gau ilunean argia pizten ez da ausartu. Ordainetan, Tapiaren azkena ibili du aurrera eta atzera goizaldean bere disc-manean.
"Guda-lubanen ostetik/ erreketeei irrintzi:
berun konpittak jaurtiaz/
gura badabez iruntsi".
Nork esan 1937koak direla kopla horiek?
"Gure semeak/ ezaun dezaten
zuzentasunan argia,/ mendira noian
fusil batekin/ jokatutzera bizia".
Eguna argitu orduko, liburu multzoari heldu dio berriro. Durangoko azken uztaren erdian, anaiaren gutuna ere hor dago, berriro irakurtzeko eskatuz. "Hemen bidaltzen dinat Tapiaren CD hau ere. Hamaikagarrena kantatzen aritu gaitun etxean". Hamaikagarrena?
"... Bi seme illak, beste bi preso,
beste bi non dan jakin ez.
Nere bihotza tristuran dago
Ezin sendaturik minez".
Neska urduri jaiki da. Egunotako batean igoal mugimenduren bat egin beharko omen du, hala abisatu diote. Polita izango litzateke, bai, bisita bat urte garai honetan. Baina, bueno, posible bada ondo, eta ezin bada, tira, hurrengoan beharko du.
ez huen sekula pentsatuko holako azoka giroa aurkitzerik non eta Donapaleun. Oraindik jeneroa mugitzen duk hemen ostiraletan, eta espero baino euskara gehiago ere entzun duk. Landareak saltzen dituen gizon gazte horrek, adibidez, zuberotarra behar dik.
Eta orain, esandako ostatuan hemen hago, kafe ahul honen aurrean eserita, agian azalduko den gizonaren esperoan. To, baserritar hauek ez dituk hain zaharrak eta euskaraz ari dituk... eta ostatuko emazteak frantsesez erantzun ziek. Joan den uztaileko ostiral hartan ere eszena bera ikusi huela iruditu zaik. Hemen hintzen, mahai berean eserita, kanpoan ekaitza orroaka zen bitartean. Inor ez zitzaian hurbildu orduan. Ea gaurkoan azaltzen den Phillipe hori. Zenbat denbora Jone ikusi gabe, eta zenbat gauza elkarri esateko!