argia.eus
INPRIMATU
Zuberoako Haizpitarteak. Ur jauziak eragindako hotzikara
  • Orain dela milioika urteko glaziar higadurak eta hortik aurrerako ur higaduraren emaitzak, Pirinioetan aurki daitezkeen bitxikeri natural interesgarrienetako batzuk utzi dizkigu. Izotz eta uholdeek mendi eta bailarak zulatu dituzte, arroilak, haizpitarteak, haitzuloak eta leizeak sortuz, eta ondorioz abenturazaleari Pirinioko Zuberoa honetan gera dadin nahiko arrazoi eskainiz. Altueran 400 metroraino iritsi eta zabaleran batzuetan 3 metro besterik ez duten arroil hauek Zuberoako erakarpen turistiko garrantzitsuenak izango dira seguraski, eta ez arrazoirik gabe, Haizpitarte horien artean ezagunenetan zentratuko gara, albo batera utziz iristeko edo bertatik ibiltzeko zailagoak direnak. Beraz, lehenbizi turistikoenak (ordaindu beharreko sarrera dute eta barruko ibilbidea erabat prestaturik dago) bisitatuko ditugu, hots, Kakuetakoak. Baina ez pentsa horrek edertasunik lapurtu dienik.
2002ko urtarrilaren 06a
Atharratzeko enparantzatik hegoalderantz abiatuko gara, eta 6. eta 7. kilometroetan Atherei eta Ligi auzoak pasatuko ditugu bata bestearen atzean. Biek batera, Ligi-Atherei udalerria osatzen dute. Herria kokatuta dagoen harana ur azkarrek zeharkatzen dute, eta ezaugarri horrek egokia bihurtzen du kanoan ibili edo amuarrainak arrantzatzeko.
Hiru kilometro geroago errotonda bat aurkituko dugu. Oraingoan ezkerrerantz joko dugu, Santa Grazirako bidean, nahiz eta gero itzultzerakoan hemendik bertatik Larrañera hartuko dugun.

Pirinioetako zintzurrak
Hemendik aurrera, Pirinioetara gerturatzen ari garela, paisaia gero eta ederragoan, zenbait lekutan mendi eta errekatxoek "postalak" sortzen dituzte.
Laupabost kilometrora Santa Graziko Ezpondaburu auzoa zeharkatuko dugu, lehenbizikoa, herri hau zenbait gunetan sakabanaturik baitago. Handik gutxira Herriko Etxea eta eskola ikusiko ditugu, dagoeneko Caserne auzunean.
Beste 4 kilometro egin eta dagoeneko Kakuetako aparkalekuetara ailegatuko gara. Sarrera eta ibilbide osoa edonork egiteko moduan prestatuak daude (nahi bada segurtasuneko kaskoa ere har daiteke), eta beraz ez dago bertara ez sartzeko aitzakiarik. Gure herria ezagutzeko hau ezinbesteko geldialdia da.
Beranduxeago Santa Graziko erdigunea edo behintzat etxe-multzorik handiena topatuko dugu, baina gure helmuga elizaldea denez, beste kilometro bat jarraituko dugu. Azkenik, tenplua bera eta bere inguruko etxe batzuek osatzen duten Santa Graziko elizaldetxoan gaude.
Hemendik, nahi izanez gero, aterpetxean bideari buruz informazioa jaso ondoren Ehujarreko arroilera abiatu gaitezke oinez. Haizpitarte harrigarri honetako hormak alde batzuetan 400 metroko altuerara iristen dira.


KAKUETAKO ARROILAK


Naturak Zuberoari eman dizkion altxorren artean bertako mendi-zintzurrak ezinbestez azpimarratu behar ditugu, eta hauen artean ezagunenak, Kakuetakoak.
Uhaitza ibaiak zeharkatzen duen haizpitarte honek parajea sinestezina osatzen du. Pare bat kilometrotan zehar, altueran 350 metroraino iristen diren eta leku batzuetan elkarrengandik 3 metrora besterik ez dauden bi horma natural ikusiko ditugu.
Gainera, Pirinioetako lekurik basatienetakoa eta zoragarrienetakoa den arroila turismorako prestaturik dago, eta horrela bidezidor, helduleku, zubitxo eta abar luze batez lagundurik, edozeinek du paseo zoragarri hau egiteko aukera. Halere, eguzkiaren izpiak kostata sartzen diren pareta hauen arteko lehen espedizio zientifikoek mende honen hasiera arte itxaron behar izan zuten.

Ibilbidea
Santa Grazi herrira iritsi aurretik arroilerako sarrera dugu. Bertan sarrerak saltzen dituzten kafetegia dugu (helduek 25 libera eta haurrek 22 libera). Sarreran bertan, segurtasun neurriak zorroztu nahi izanez gero (ez da derrigorrezkoa) kasko urdina erabili dezakezue. Ibilbidean zehar, larrialdi deiak burutzeko aparailuak ere badaude. Bideak ez du inongo zailtasunik baina horrelako neurriak ondo daude badaezpada.
Haizpitartearen sarrera aurretik eskuinaldean lakutxo bat utziko dugu, eta laster haizpitartean barrena sartuko gara (ibilbide osoa ondo seinalizatuta dago). Errekaren albotik doan bide lauaren bi aldeetan horma miresgarriak ikusiko ditugu, bata bestearen atzean. Leku batzuetan zerua doi-doi ikusten den horma erraldoi hauetan, tarteka urjausitxo ederrak behatzeko aukera izango dugu, zein baino zein zoragarriagoa.
Argazkiak egiteko aukera baduzue, hobe duzue lehenago ibilbide osoa egin eta itzuleran egitea, bestela konturatu aurretik karretea amaituko zaizue. Eta ahaztu karrete egokia erosteaz, argi gutxi baitago toki honetan.
Azkenik, zuzenean hormatik irteten den urjauzi handi eta ikusgarri batera iritsiko zarete. Metro batzuk aurrerago bidea amaitzen da, estalagmita eta estalaktita harrigarriak erakusten dituen Antzirako Harpean, hain zuzen. Hortik aurrera bidea zeharo zailtzen da eta adituentzat bakarrik gomendatzen da. Beste guztiontzat hoberena bide beretik itzultzea da.
Arroilen egutegia eta ordutegia honakoa da. Egunero martxoaren 15a eta azaroaren 15a artean, goizeko 8:00etatik iluntzeraino. Eta ez ahaztu hiru bat orduko joan-etorrirako oinetako erosoak eramateaz.

Santa Grazi
Euskal Herriko ekialdeko azken ertzean galdurik, sakabanatutako artzain-herrixka hau zuberotar xarma ondoen gordetzen duten horietakoa da. Mendiartean, 630 metrotara kokatua, bere izena III. mendean Iruñean martirioa jasan zuen Santa Grazia hispaniar noblearengandik datorkio.
Bestalde, historikoki Santa Grazi Zuberoa eta Erronkariren arteko pasabiderik zaharrenetakoa izan da, Santiagoko Bidearen zati izateaz gain. Horren froga, eta baita herrixkaren arima, 1085eko eliza erromanikoa da. Leireko monasterioaren aginduz eraikia, erromesentzako ospitale gisa, atzeko mendixken aurrean handitasun itxura hartzen du, hainbeste mendetan zehar inguru bakarti hauetako errege izan denaren handitasuna, alegia.
Itxura bitxia duen eliza honen arkitektura (alde batean bi teilatuko kanpandorre garaia eta alboan teilatu maldatsu eta bakarreko eliza) inguruko etxeetakoekin batzen da, osotasun ederra sortuz. Barrualdea hiru barneluzegotan banatzen da, eta aldarearen inguruko kapitel polikromatuak nabarmentzen dira, Bibliako pasarteak irudikatzen dituztenak.
Elizaren alboan hilerri interesgarria daukagu. Bertan, elizaren ataldearen alboan, hilarri diskoidal zaharren artean landutako gurutze eder bat aurkituko dugu. Azkenik, elizaldearen ondo-ondotik Ehujarreko arroilara eramango gaituen bidezidorra hasten da.
Informazio Praktikoa
LIGI-ATHEREI
Jan eta lo egiteko:
** Hôtel des Touristes- Larrañerako bidea. (0)5 59 28 61 01. Log. bikoitza 210-320 libera.
Le Saison Aterpetxea (Gite de Groupe)- Atherein, frontoi atzean.. (0)5 59 28 61 21.
Camping Aire Bouchet- (0)5 59 28 61 01.