Gorostia, barka, Zerainen deitzen dioten eran korostia, inguruan ditugun landareen artean azkarrenetakoa dela uste dutenen sektaxkakoa naiz. Gizakiongan, beste edozein oinbiko animalia arruntarengan sortzen duen lilura-punttua txapa-txapa gainditzen duen fede magikoa berpizteko gai: intelijentea da. Laruz teinkaturiko arantza txorrotx, txorrotx-txorrotx batek eragin dezakeen pasmo-erioa animalia berdejale amorratuaren ezpain sentigaitzenaren oroitzapenean ez itzaltzeko hostoa tolestatu egiten du. Behin behor garaienak harrapatuko ez duen garaieratik gora hostoak zabal-zabal, lasai asko, eskainiko dizkie, sormenaren iturri, eguzkiei.
Bada, ordea, beheko barrenean pakerik emango ez dionik. Bere txatxuan untxi karraskaria. Arantza larudun hosto tolestatu zakarra gustuko, nonbait, hortzak higatzeko.
Zerainen, mea-zuloetako errekaren ondoan, ba omen zen untxiak hazten iaioa. Meategiko txaratik egunero jaisten omen zuen, sorbaldan txintxilik, gorosti, barka, korosti-arba sorta. Untxiak gustura!
Inon gutxitan topa omen daitekeen eite ederreko gorosti, barka, korosti bikainenak han omen dira; urtetako axaleko kimaketa haren eraginez, lerden