argia.eus
INPRIMATU
JATEN, GEROZ ETA OKERRAGO
Jabier Agirre 2002ko urtarrilaren 06a
Duela gutxi zientzialari alemanek eta portugesek aurrera eramandako ikerketa baten arabera, eskola-aurreko umeek jateko ohitura osasuntsuagoak dauzkate Europa erdialdean, Portugalen baino. Gaur egun ez dago zalantzarik kardiopatien (hau da bihotzeko gaitzen) prebentzioak haurtzaroan abiatu behar duela, une horretan has baitaitezke garatzen aurreneko lesio baskularrak. Eta horrexegatik espezialista guztiek dieta osasuntsua gomendatzen dute, txiki-txikitatik hasita.

Zehazkiago esateko, betidaniko dieta mediterraneoarekin bat datorren gantzen kalitatea azpimarratzen dute adituek, alegia gantz-azido saturatu gutxi eta, horrekin batera, gantz-azido monoinsaturatu ugari dituen jan-neurria (oliba-olioa, esaterako). Eta gazteen dietan egiazko gantz-ahoratzearen arteko konparazioa egin ahal izateko, sei hilabetetik 32 hilera bitarteko adinetan zeuden neska-mutilen jan-neurriak aztertu ziren, Munich-en (Alemanian) eta Oporton (Portugalen) egindako ikerketan.
Eta aurrez pentsa zitekeenaren kontra, dietako gantz-azido saturatuen edukiak antzekoak ziren bitartean bi lurrralde horietan, ume alemanek gantz-azido "on" gehiago ahoratzen zituzten ume portugesek baino. Eta emaitza horietatik abiatuz, ondorioa begi-bistakoa da: jateko ohitura mediterraneoak desagertuz doaz Europa hegoaldean, eskualde horietako jaki tradizionalak (lekaleak, berdurak), Europar Batasunekoen oso antzekoak diren jaki prefabrikatuek ordezten baitituzte. Hortik dator gomendioa: gazteen artean betidaniko ohiturak, dieta mediterraneoa alegia, sustatu eta berreskuratzea