ADARDUN BEREZIAK

Neguan sartu garen honetan, paisaia kolorez aldatzen hasten da. Baina zein da kolore aldaketaren arduraduna?

Lehen berde zena, orain gorri bihurtu da, lehen jantzia zegoena, orain biluzik ageri da. Baina zein da paisaia aldaketa hauen arduraduna?
Hotza gainean dugu (dagoeneko okerrena igaro ez badugu behintzat), eguneko argi ordu murritzak hala diosku. Landareen erreinuan iraultza izan da: batzuk, kolore berdea ematen dieten klorofilak birzurgatzen dituzte. Hostoa galtzen dute eta lozorroan sartzen dira. Gogorrenak aldiz, ez diote negu gorriari inongo beldurrik. Hauen hostoek tinko diraute, tenperatura baxuenak ere gainditzeko gai dira. Ahulenak, negua jasan ezin dutenez, hil egiten dira, baina, hil aurretik oinordekoak emango dituzten haziak bertan uzten dituzte.
Betidanik saihestu eta jasan dituzten eraso naturalez gain kalterik bortitzenak eragiten dizkiegu gizon-emakumeok.
Lehenik basoak suntsitu genituen, gero larreak goldatu eta gaur egun errepide eta abiadura handiko tramankuluen artean, merkatal gune eta poligono industrialak eraiki ditugu. Eta non bizi behar du landareen erreinuak?

OINARRIZKO BABES NEURRIAK.

Halako suntsiketaren aurrean begiak itxi ezinik, oinarrizko babes neurri batzuk jarri ditugu geure burua zuritu asmoz. Babesa era desberdinetara eskaintzen diegu; izendapen moten arabera.
Natur parke, biosfera erreserba eta biotopo babestuak: tamaina desberdineko inguruak babesten direnez, bertan dauden landareak babesturik geratzen dira. Horretaz gain, egiten diren landaketetan espezie autoktonoak bultzatzen dira. Baina orain arte, bertoko espezieak izan arren, haziak atzerritik ekartzen ziren. Bertako dibertsitatearen alde lehen pausotxoak ematen hasi gara eta "Aiako Harria" natur parkeko egitasmotan idatzi den bezala: aurrerantzean egingo diren landaketatan erabiltzen diren haziak ingurukoak izango dira.

Mehatxaturiko espezieak.

Landare batzuk beraien kokalekua edo izaera hauskorragatik jasan duten beherakada izugarria da. Eragiten zaien kaltea murrizteko eta hasierako populazioa berreskuratzeko asmotan mehatxatutako espezieen zerrendan sartu ditugu. Zerrenda honen barnean egoera desberdinak deskribatzen dira: interes berezikoak, arraroak, zaurgarriak eta arriskupekoak. Izendapenaren arabera babes neurri desberdinak hartzen dira beti ere, dauden populazioak ugaltzeko helburuarekin.
Egoera larrienean daudenei arriskupekoak deitzen zaie eta guztira bost dira. Horien artean daude Antennaria dioica eta Genista legionensis. Antenariaren kasuan, geratzen den populazio eskasa, mila aldetatik eraso daiteke. Hain ale gutxi egonik, habitataren edozein aldaketak oso sentikor bilakatzen du. Pista edo errepideen eraikuntzak eta basa landaketek eragin kaltegarria sor dezakete. Baina goiko larreetan bizi denez, abeltzaintzaren beherakadak izugarri min dezake.
Interes berezikoen artean, hain ezaguna den gorostia dugu. 1983. urtetik babespean dago. Interes berezikoa bihurtzen du hegazti askorentzat neguko elikagai preziatua delako. Arriskupean ordea, gabonetan apaindura moduan erabiltzeko gehiegikeriak jarri zuen. Izendapen hau oso ezaguna da guztion artean, nolabaiteko mirespena diogulako, zuhaitz txiki honi. Babesak, landarea hartzera debekatzen gaitu, edo bere zatiak, haziak barne, baita moztu edo errotik ateratzera ere.

BAKARKA BABESTUTAKO ZUHAITZAK.

Baina landareen artean gehien liluratzen gaituztenak zuhaitzak dira. Nork ez du zuhaitz baten magalean lo kuluxka bat botatzea amestu bazkal ostean? Edo pagopean mokadutxo bat egin nahi izatea? Artzainak gineneko oroimena ote? Nork daki? Halere, paradisu gune hauek mantentzekotan edo, zuhaitz aleak babesteko figura legal bat ere badugu, «Zuhaitz apartekoa» deritzona, alegia. Zuhaitz hauek beraien ezaugarriak direla eta; tamaina, adina, historia, edertasuna edo kokalekua, bereziki babestea merezi dute.
Zuhaitzak aleka babestearen ideia 1987an jarri zen martxan. Lehiaketa bidez ikastetxeek parte hartu zuten zuhaitzen aukeraketatan eta honetaz gain, teknikari batzuek lurralde osoa aztertu zuten zuhaitz berezi hauen bila. Proposaturiko zuhaitz guztietatik 119 aukeratu ziren eta katalogo batean publikatu. Gaur egun, EAEn 25 zuhaitz daude izendatuta. Gehienak bertako zuhaitzak dira eta sei kanpotik ekarritako haziak. Zuhaitz ikaragarriak dira sekuoia eta douglas izeia, esaterako. Beste 19 zuhaitzak bertakoak dira. Ugarienak, arteak, 6 dira. 5 hagin daude, 3 haritz, lizarra, artelatza ezkia, pagoa eta ametsak dira gainontzekoak.
Kanpoko espezien artean bi sekuoi daude, biak ere parketan kokaturik eta izendaturiko kanpoko zuhaitz gehienen moduan, bere tamaina eta edertasuna direla eta babesten dira. Esate baterako Arrasateko Monterron parkean dauden sekuoiak 45m-ko altuera du. Ez da harritzekoa ordea alboan duenak 40m baititu. Albizturko douglas izeiak aldiz 55m-taraino igotzen ditu goiko adarrak. Bestalde, Bergarako Monzon jauregiko lorategiko magnolioa eta Hernaniko Goiz-eguzki parkeko ginkgoa ere babesturik daude. Bi espezieak klima honetara ondo egokitu dira eta beraien edertasuna dela-eta asko erabili dira lorategietan.
Atzerritik ekarritako zuhaitzak alde batera utzita, zuhaitz babestuak hiru probintziatan barreiaturik daude. Arteak (Quercus ilex) esaterako Gipuzkoan, Bizkaian zein Araban daude. Garain, Bizkaian, Santa Katalina ermitaren inguru lasaian ia 9m-ko altuera eta 20m-ko diametroko kopa duen arte mardul bat dago. Kimaketa modua dela eta, zuhaitz honek hosto dentsitate ikaragarria du eta bertakoek diotenez azpian 360 ardi gorde omen daitezke. Zuhaitz ale soilak bakarrik ez dira babesten figura honekin; hala beharrez gero, zuhaitz multzoak ere babes daitezke. Getariako Garate gainean adibidez, Artelatz (Quercus suber) multzo osoa dago izendatua. Euskal Herriko artelatz multzo handiena da eta horregatik babesten da. Zuhaitz ale hauek ugaltzeko duten arazo nagusia bertako abereak dira, ale berrien garapena oztopatzen baitute. Behin baino gehiagotan eman diete su zuhaitz hauei. Artelatza bere azal lodia dela eta (bertatik ateratzen da kortxoa) suari nahiko erresistentea bada ere, erretzeak ez diete batere laguntzen. Haritzak (Quercus robur) ere izendatu dira, hala nola, Altubeko haritza eta Ondategikoa. Haritza, artelatza, artea, ametza, haritz ilaunduna, haritz kandugabea eta abar ere familia berekoak dira. Beraien arbaso komunak ez daude oso urrun, horregatik gaur egun ere elkarrekin ugaldu eta ale emankorrak hazten dira. Hauetariko bat Artzentalesen dago. Haritz kandudun bat amets batekin gurutzatu eta hibrido eder bat eman dute. 36 m-ko ale zoragarri honen kopaduraren zabala ere izugarria da, 25m-koa. Esateko dago, haritzen artean ezagunena, aparteko zuhaitz izendatu gabea, Gernikako arbola dela. Ez du natura aldetik balore handirik, baina bai balore historikoa.
Hagina ere askotan agertzen zaigun zuhaitza dugu, badira lau izendatuak eta hauetariko bat, Antoñanako hagina dugu, Araban. Bere tamaina eta edertasunarengatik babestu beharrekoa.
Izendapen eta babes neurri hauek guztiak ondo datoz eta baliagarriak dira besterik ez bada ere geure aberastasun zein txirotasuna neurtzeko. Hala ere, ezin ditugu inguruko landare guztiak babestu nahiz eta guztiak diren bizi iturri, plazer iturri eta nola ez diru iturri. Babeste lanetan hasi ordez has gaitezen ez suntsitzen edo suntsitu beharra onartuegia daukagu?


ASTEKARIA
2002ko urtarrilaren 06a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude