argia.eus
INPRIMATU
Zer da zornea?

Jabier Agirre 2001eko abenduaren 23a
Itxura horixka eta opakoa duen isurkari bat da, zaurietan, abszesuetan eta ultzera infektatu edo handitu gaiztotuetan agertzen den likido-modukoa. Euskaraz baditu beste izen batzuk ere, materia edo hiroa ere esaten baitzaio euskalki desberdinetan. Eta zerk osatzen du zornea? Edo bestela esanda, zein da bere osagaia? Esan daiteke zornea odol-sueroz, sistema immunologikoko zelula hil eta biziz, eta zorne-jario edo supurazioaren erantzuleak diren bakterioez dagoela osatua.

Zehazkiago esateko, zornea ez da kanpotik gure gorputzari erasotzen dion agente patogeno baten eta linfozito edo globulu zurien arteko borroka gogorraren ondorio edo emaitza besterik. Gure defentsa-sistemak (horri immunitatea esaten zaio) gorputzean arrotza edo kanpokoa den zerbait atzematen duenean, esaterako bakterio bat edo birus bat, zelula immunologikoen armada kontraerasorako prestatzen da. Eta bataila edo guduaren lekura agertzen diren linfozitoen artean neutrofiloak eta makrofagoak aipatu behar dira batik bat, horiek erasotzailearen kontra zuzenean aritzen direlako. Eta kontraeraso horri nola ekiten diote? Bada, agente patogenoa irensten dute. Borroka horren ondorioz defentsako zelularik gehienak hil egiten direnez, handik egun batzuetara "hilotz" edo "gorpuak", ehun nekrotikoak eta baita likido ugari biltzen dituen ehun-hantura edo inflamazioa agertzen da, erdian zulo edo hutsune batekin. Infekzioa desagertzearekin batera, zornea autosuntsitu egiten da