FRANTZIAKO POLIZIAREN AURKA EZ DUELA JOKO DIO ETA-K
ESAMESAK eta susmoak bazterreratzeko argitara emandako komunikatuan, Frantziako segurtasun indarren aurkako bere estrategia ez dela aldatu jakinarazi du ETAk, eta izandako tiroketak segurtasun indarrek beraien aurka jo ondoren gertatu direla. Jende askok pentsatu izan du, besteak beste eta adibide gisa, ea zergatik jendarmeen aurka ez eta ertzainen aurka bai, Frantziako segurtasun indarrek Ertzaintzak baino askoz etakide gehiago atxilotu dutenean.
UDALBILTZAK BAKE EKIMENA BULTZATUKO DU 2002. URTERAKO
MIARRITZEN egin zuen bere bigarren batzar nagusia Batasunak kudeatzen duen Udalbiltzak eta bertan bildu zituen 445 udal hautetsi. 2002rako 2,386 milioi euroko urrekontua (397 milioi pezeta, 15,6 milioi libera) eta barne araudi berria onartu ziren eta 2001ean egindakoaren berri eman zen. 2003rako ekimen garrantzitsuena «gatazkaren irtenbidebide politiko eta elkarrizketatua bultzatuko duen ekimen bat gizarteratzea» izango da, eta horretarako sintesi mailako proposamen bat landuko da. Udalbiltzak bitan banatua jarraitzen du gaur egun: batetik Batasunak eta zenbait zinegotzi eta alkate independetek bultzatutakoa, eta bestetik, EAJ eta EAk osatzen duten Udalbiltzako Batzorde Eragilea.
ORDEZKARITZA AUTONOMIKORIK EZ DA IZANGO BRUSELAN
AURREIKUSI bezala Espainiak ateak itxi dizkio Espainiako erkideko autonomikoek Europan ordezkaritza izateari. Iñaki Gerenabarrena Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak salatu duenez, Jose Maria Aznarren jokaera «koldarra eta faxista» izan da gai honetan Moncloak egin ei dituen amarrukeriengatik. Laekenen, bestalde, euroagindua ontzat eman zuten Europako Batasunako (EB) estatuburuek, azkenean Italiaren baiezkoa jaso ondoren. Espainiako Gobernua, beraz, pozik da urtarrilaren 1ean EBren lehendakaritzari ekiteko.
ASKATASUNA ERAKUNDEA JAIO DA AMNISTIAREN ALDE
AMNISTIAREN Aldeko Batzordeak eta Koordinaketak bat egin zuten duela urte bete eta ekimen horretatik erakunde berri bat jaioko zela iragarri zuten: hori da orain sortu den Askatasuna erakundea, bere sortzaileen helburu berberak dituena, baina Euskal Herri osoan jardungo duena. Testuinguru berezian jaio da erakundea, AABko zuzendaritzaren hamabi kide espetxean direlako: hamaika Espainiako espetxeetan eta bat -Juan Mari Olano- Frantzian.
PRESO BATEN FAMILIAREN AURKAKO ERASOA
ANGELUKO Xabier Gimonen familiaren aurkako eraso bat izan zen hil honen 13an. Erasotzaileek hiru molotov koktel jaurti zituzten etxearen aurka, senitarteko batzuk barruan zeudela. Xabier Gimon ETAren laguntzailea izateagatik preso izandakoa da, eta gaur egun, Patxiku Gimon bere semea espetxean dago. Eraso hau, Ipar Euskal Herriko hainbat polizien aurkako antzeko erasoak gertatu ondoren etorri da. Familia honek lehendik ere eraso txiki batzuk jasan dituen arren (autoaren gurpil zulaketak edota autoa pinturaz zikintzea), tamaina honelakorik ez. Gertaera, guztiz berria izan gabe, presoen familiaren aurkako beldurrezko erasoen tamaina handitzera dator. Izan ere, orain zenbait urte, Iparretarrak (IK) erakundearen presoen familiek ekintza larderiatsuak ere jasan zituzten.
BAKE KONFERENTZIA ONDO DOALA DIO ELKARRIK
BERE bederatzigarren urteurrena ospatzeko Iruñean egindako bazkari ekitaldian Elkarriko buruzagiek adierazi izan zutenez, Bake Konferentziaren emaitzak egokiak dira orain artean. Gizarte mailako ekimenenetan hitzaldi eta mahainguruak han eta hemen gauzatzen ari dira eta, aurreikusi bezala, ez da albisterik alderdien arteko gutxieneko edukiei buruz kontzentzuatu nahi den idazkiaren inguruan talde moderatzailea egiten ari denaz. Hori martxoa edo apirila aldera ezagutuko da.
BLOKEOA
Bakoitzak dituen tresnak erabiltzen ditu politikan, unean uneko interesen arabera, eta tresnon erabileratik dator, halaber, bakoitzak atzera edo aurrera egitea. Eusko Legebiltzarreko blokeo egoeratik aurrekontuen luzapena aterako da, baina abenduaren 31ra arte falta diren egunetan zalaparta entzutetsua biziko da, eta hor ikusiko da nork gal dezakeen eta nork irabazi egoera berezi bezain korapilotsu honetatik. Luzapena izatekotan -1999an EHrekin adostutako aurrekontuak dira- oposizioa higatuz izan dadila erabaki dute Jaurlaritzako alderdiek, eta hor PSE eta Batasuna izan daitezke kaltetuenak, PP ezin erosoago baitago.egoera honetan.