argia.eus
INPRIMATU
Libera, 700 urteko moneta

Mikel Asurmendi @masurmendi Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Frantziako franko monetari libera deitzen diogu euskaldunok. Honen arrazoiaz 1360. urtean, Joanes Ona erregearen liberalizazio garaian, jaulki zen monetaren historiari erreparatuz gero jabetu gintezke.

Historiako lehen moneta edo txanpona, libera frantziarra alegia, 1360. urtean jaulki zen, "franc à cheval" deitua eta guk "zaldiaren libera" izendatu duguna. Txanpona urrezkoa zen eta Ehun Urteko Gerra garaia bitartean egiten zen. Tours hirian egiten zen eta "libera tornesa" baten balioa zuen. Izen horrekin jasoa da historia testuetan.

Txanpon hau Joanes Onaren (Jean le Bon) liberazio garaian egin zen. Artean, 1356 urtean, ingelesek Joanes Ona erregea Poitierseko batailan atxilotu zuten. Erregea liberatua izan zen garaian, berriz, franko monetak "libre" izena hartu zuen. Horregatik, libera gisa ezagutua ere.

«Zaldiaren txanpona» deituaren -libera alegia- alde batean erregea agertzen da zaldi batean, armadura batez jantzia eta buruan koro-kasketa bat daramala. "Johannes Dei Gratia Francorum Rex" testua idatzia dago. Hots, "Joanes frankoen erregea Jainkoari esker". Beste aldean, lorez apaindutako gurutze bat darama.

"Zaldiaren moneta" delakoa 1385. urtera arte jaulki zen. Karlos V.ren erregealdiaz geroztik, oinezko libera jaulki zen, balio berekoa. Karlos V. erregea zutik agertzen zen txanponean.

1575ean, Enrike III.k zilarrezko libera sortu zuen, 14 gramoko txanpona, oso astuna, libera tornesaren baliokidea. 1586an, erregeak zilarrezko moneta hau debekatu zuen, bere ertzak sarritan muxarratuak izaten baitziren. Edonola ere, 1642. urte arte libera erdiak eta laurdeneko liberak erabili ziren. Harrezkero, "franko" hitzaren erabilpena -liberaren sinonimoa edo baliokidea- zaharkitu zen edota erabiltzeari utzi zitzaion.

1795. urtean, libera terminoaren ordez "frankoa" izatea eta izendatzea erabaki zen Frantziako moneta bakar gisara. 1795eko abuztuaren 15ean jaulki zen; Frantziako egutegi errepublikarraren hirugarren urtean. Urte hartan, libera edo frankoa ehuneneko 10 zatitan jaulki zen, eta ehuneko zatia 10 zentimoetan.

1803. urtean, frankoa -edo libera bateko txanpona- "Franc Germinal" deitua zen. Egutegi errepublikarraren XI. urtean jaulkia, Luis de Germinal erregealdi garaian. Garai hartan, libera edo txanpon laurdena, erdia, batekoa, bikoa eta bostekoak zilarrezkoak izaten jarraitu zuten. 10 eta 20 liberako txanponak urrezkoak ziren, aldiz. "Franko Germinal" txaponaren alde batean Bonaparte I. Kontsula agertzen zen. Pierre-Joseph Tiolier irudigileak egina zen. Iruntzian, "Republique française, 1 franc dans" idatzia da, erramu koro batekin. Garai hartan jaulki zen monetak 1914. urte arte iraun zuen.

1958an Charles De Gaullek berritu zuen moneta sistema: 100 libera, libera bat izatera pasa zen. Libera berri bat = 100 libera zahar.
2002 urteko urtarrilean, euroak libera ordezkatuko du