argia.eus
INPRIMATU
Ixiar Rozas
"Errealitatea fikzioa baino askoz areago doa"

Pilar Iparragirre 2001eko abenduaren 23a

Zeren bila zenbiltzan «Sartu, korrontea dabil» idaztean?

Idazle batzuek diote idazterakoan ez dela garrantzitsuena istorio bat kontatzea, norberaren ahotsa aurkitzea baizik. Niretzat liburu honetan biak izan dira garrantzitsu. Aspaldi buruan nituen istorioak -etorkinarena, adibidez- eta beste batzuk kontatzeko beharra neukan, eta ahots baten bila ibili ere ibili naiz. Ez dakit aurkitu dudan, behintzat une honetan dudan ahotsarekin idatzi dut guztia.

Nolakoa da zure idazlan honen egitura?

Pertsonaia guztiak gurutzatzen doaz, bata bestearekin egiten dute topo, gero banandu egiten dira berriro topo egitekoà Kasu batzuetan, elkar gurutzatze horrek beren bizitzaren norabidea aldatuko du. Kasualitateen zurrunbilo horretan sartzen zara, eta iristen da memento bat ez dakizula erreala den hainbeste kasualitate gertatzea. Eta orduan galdetzen diozu zeure buruari: Zer da errealagoa, fikzioa, errealitatea?

Eta zein da zuk galdera horri ematen diozun erantzuna?

Irailaren 11ko gertakizunen ostean asko idatzi da fikzioa eta errealitateari buruz. Izan ere, Hollywoodeko gidoilari batzuek atentatuaren antzeko sekuentzia bat zuten beren gidoi batean. Pentagonoak, hau jakin bezain pronto, gidoilari horiei deitu zien handik aurrera gerta zitekeena iragar zezaten. Pentsa nola dabilen mundua! Nire ustez fikzioa gertatzen zaigun zerbait berriro pentsatu eta hausnartzen dugunean hasten da. Batzuentzat fikzioak ez du mugarik. Ionescorentzat fantasia da errealitatea ulertzeko modu bakarra. Nik, berriz, fikzioak mugak dituela esango nuke, errealitatea fikzioa baino askoz areago doala. Izan ere, errealitakeak fikzioak baino egoera surrealistagoak sortzen ditu.