Europako aldaketa historiko baten atarian gaude monetaren esparruan. Pezetak eta liberak euroarekin batera ibiliko dira Euskal Herrian datozen urtarril eta otsailean, eta ordainketarako baliabide gisa desagertu egingo dira martxoaren 1ean; egun horretatik aurrera euroa izango da diru erabilgarri bakarra.
Abenduaren 15etik aurrera finantza erakundeak euroen txanpon sortak eskaintzen hasiko dira: 2.000 pezetaren (80 libera) truke 43 euro txanpon ezberdin emango dituzte, guztira balio hori izango dutenak. Txanpon horiek ezingo dira erabili 2002ko urtarrilaren 1a iritsi arte.
2002ko urtarrilaren 1etik 2002ko otsailaren 28ra bi diru ezberdin erabiliko dira Europako herrialde horietako bakoitzean. Euskal Herrian, berriz, hiru diru ezberdin: pezeta, libera eta euroa. Data horretan hasiko dira euroak banatzen eta pezetak eta liberak euroengatik ordezkatzen. Diru berria kutxazainetan eta finantza erakunde guztietan egongo da. Merkatariek bezeroei itzuli beharreko diru xehea eurotan itzuliko diete. Kutxazain automatiko gehienek euroaren billeteak soilik emango dituzte.
2002ko martxoaren 1a izango da euroaren benetako abiatze eguna. Data horretatik aurrera guztiz desagertuko da Europako Batasuneko txanpon zaharren erabilera eta euroa erabiliko da bakarrik. Nolanahi ere, 2002ko ekainaren 30a bitartean pezetak eta liberak bankuetan eta kutxetan aldatu ahal izango dira euroen truke. Oso garrantzitsua da egun hori gogoan hartzea, zeren egun horretatik aurrera pezetak eta liberak, hurrenez hurren, Espainiako Bankuan edo Frantziako Bankuan soilik aldatuko baitira, betiere doan eta epemugarik gabe.
Aldaketa honek guztiak biztanleon ohitura aldaketaz gainera, arazo logistiko garrantzitsua eragingo du, diru zaharra bildu eta berria merkaturatzea egokitasunez gauzatzeko. Dena aurreikusitako bidetik joaten bada, 2002ko urtarrilaren 1ean Europako banku nagusiek 16.000 milioi billete eta 50.000 milioi txanpon izango dituzte banaturik 291 milioi pertsonaren artean.
Euroa indarrean jartzeak batetik abantailak eta bestetik arazoak ekarriko ditu. Eta sortuko duen arazo nagusietakoa prezioak goraka biribiltzearena izango da. Horrela, eurora iragaiteko Europako Batzordeak jakinarazi duenez, gerta liteke merkataritzako gune batzuek prezioak goraka biribiltzea euroa indarrean jarri aurreko hilabeteetan.
Bitarte horretan gerta daitezkeen gehiegikeriak saihesteko Jokabide Zuzeneko Kodea izeneko konpromisoa hartu du hainbat enpresak, biribiltze hori zuzentasunez egingo dutela, itzuli beharreko diru xehea beti eurotan itzuliko dutela eta kontsumitzaileei informazioa ematen saiatuko direla aginduz. Eranskailu urdin berezi bat edukiko dute ondo ikusten den leku batean, konpromiso hori hartu duten merkataritza gune horiek zein diren bereizten laguntzeko; hori guztia kontsumitzaileei lagungarri gerta diezien.
Txanpon berriak bere abantailak ere baditu. Atzerrira joaten garenean ordaindu beharreko dibisa aldaketaren tasarik ez dugu izango. Ia Europa osoan mugitu ahal izango dugu diru bakar berbera erabiliz. Beste herrialde horietara egin nahi diren diru transferentziak lehen baino askoz errazago egingo dira. Eta gardentasun eta lehia handiagoa gertatuko denez, transakzioen prezioek behera egingo dutela aurreikusten da. Truke tasak aldatzearen arriskua desagertuko da herrialde horien arteko harremanetan. Interes tasek ere behera egingo dute, maileguen kostua murriztuz. Eroste gaitasunik ez da galduko inflazioaren jaitsierari esker eta hazkunde ekonomiko onuragarriagoa izango da.
Kontsumitzen ditugun produktuen kopuru handi bat EBko herrialdeetatik dator, eta, komisioak eta dibisak desagertzearen ondorioz, oso litekeena da prezioak jaistea. Europako Bankuko arduradunen ustetan, euroaren etorrerak prezioen igoeraren ordez jaitsiera ekarriko du, diru hau erabiliko duten herrialdeek egonkortasun handiagoa izango dutelako.
Egia da azken hilabeteotan Europako kontsumitzaileek informazio zabalagoa izan dutela komunikabideen bitartez zabaldu diren publizitate kanpaina indartsuei esker. Beraz, garai honetan, euroa iristeko egun batzuk besterik geratzen ez direnean, hiritarrak joan den urrian baino prestatuago daudela pentsa daiteke.
Joan den urrian argitaratu zen Europako Batzordearen azken inkestaren emaitza: Eurobarometroa. Eta hor ageri zenaren arabera, zer ikasi handia dago oraindik, nahiz eta, egia esan, Espainiako Estatuko biztanleak, batez beste, Europako gainerako herrialdeetakoak baino hobeto informaturik zeuden. Horrela, garai hartan Espainiako Estatuko %73k ezagutzen zuen zein egunetan jartzen zen indarrean euroaren erabilera; Europako herrialdeek orokorrean batez besteko berbera zuten. Espainiako Estatuko %87k zekien billete eta txanpon horiek euroguneko gainerako herrialde guzti-guztietan erabil zitezkeela; Europako herrialdeen batezbestekoa %80koa izan zen. Ordurako Espainiako Estatuko %27k ezagutzen zuen bi diruak batera erabiliko zirela epealdi batez, eta ehuneko hori %17koa zen EBko gainerako herrialdeen artean. Espainiako Estatuko hiritarren %63 kezkatuta zegoen prezioekin, agian, iruzur egingo ziotela uste zutelako, eta ehuneko hori %66koa zen beste herrialdeetan. Eta Frantziako Estatuan eta Alemanian %68raino igotzen zen kopuru hori. Espainiako Estatuko %79ren ustez merkataritza-guneek Jokabide Zuzenaren Kodeak eskatzen duen konpromisoa hartuko zuten, eta Europako batezbestekoa %69koa zen. Azkenik, euroak norberaren herrialdeko lehengo diruarekiko zuen balioari buruzko galderari %74k zuzen erantzun zioten Espainiako Estatuan, eta Europako gainerako herrialdeetako batezbestekoa, berriz, %54koa izan zen -Alemanian %35ekoa eta Frantziako Estatuan %71koa.