EUSKARA ESKUBIDEA DELAKO
Oinarriak elkarguneak eta 640 udal hautsetsik manifestazioa deitu dute larunbaterako, hilak 22, euskararen normalizazioaren eta hizkuntza eskubideen ezagupenaren alde. Iruñeko Zezen Plazatik abiatuko da manifestazioa «Euskara, eskubidea lege» lemapean. Nafarroako Gobernuak euskararen aurka hartutako neurriak salatuko dituzte elkarretaratzean. Euskal Herrian Euskaraz taldeak ere manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
EGURALDIA IRAGARTZEKO TRESNA BERRIA
Parisko Lexiquest enpresak, UZEIk eta Ixa taldeak egindako ikerketa lanari esker, eguraldia iragartzeko Multimeteo sistema euskaraz ere erabil daiteke, http://www.inm.es/wwi/MultiMeteo/Multimeteo.html web orrian. Sistema honek zortzi hizkuntzatan sortzen ditu eguraldi iragarpenak eta egunero irakur daitezke Interneten. Bertan agertzen diren testuak ez dira itzulpenak, testuen abiapuntua hainbat zenbaki dituen matrize bat da.
FRANTZIAK EUROPAKO ITUNA BERRETSI DEZAN
Nazio Batuen Eskubide Sozial, Ekonomiko eta Kulturalen Batzordeak Frantziako Estatua estutu du, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsi dezan. Halaber, kultura eta hizkuntza gutxituak babesteko esfortzu handiagoa egin dezan gomendatu dio. Horrezaz gain, hizkuntza horietan hezkuntza hobetzeko neurriak hartzeko eskaera egin dio NBEk.
GAIZTOEI GOROTZA ETA TXINTXOEI URREA
Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak urtero eman ohi dituen sarien onuradunak nortzuk izango diren erabaki du. Lamien Urrezko Orrazia Saria etorkin euskaldunei, kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenei, emango die. Gorotz Joarea saria, aldiz, Nafarroako Gobernuari emango diote, euskararen aurka hartutako neurri guztiengatik.