argia.eus
INPRIMATU
"XX.MENDEA OSO ONA IZAN DA... GURETZAT"
Pilar Iparragirre 2001eko abenduaren 16a
Zer da «XX. mendearen argi-itzalak»?
Hausnarketa pertsonal bat iragan mendeari buruz eta hemendik egina, bizi garen zibilizaziotik -izan ere, hasten bada bat XX. mendeari buruz hitz egiten Namibian, edo Afganistanen, emango duen ikuspuntua oso ezberdina izango da-. Nik hemendik ikusita eman dut nirea. Eta horregatik diot XX. mendea oso ona izan dela... guretzat, on horren iturrietatik munduan edan dugun gutxi horietakoak garelako. Hori da kontua! Liburua, gainera, Euskal Herritik egina izan da baita ere, eta XX. mendean hemen gertatu diren gauza inportante zein isilean gelditu ohi diren asko jaso ditut.

Eta nolakoa izan da, bada, XX. mendea, zure iritziz?
Aurrerapenez betetako mendea, baina aldi berean paradoxikoa. Aurrerapen ikaragarriak gertatu dira batez ere fisika mailan, biologian, konputagailuen zientzietan… Baina aldi berean gerren, genozidioen mendea ere izan da, eta paradoxikoki giza eskubideen mendea baita ere: emakumeek ez dute inoiz izan iragan mendean hartzen hasi ziren papera… Horrelako gauzak bildu ditut. Saiatu naiz pixka bat pentsarazten hemengo jendeari zeinen ongi bizi garen. Izan ere, ez gara konturatzen New Yorken dorreak suntsitu zituzteneko gauza izugarri hori gertatu zenean, bost mila lagun hil zirela, baina egun berean 15.000 mila lagun hil zirela goseak munduan, egun berean 15.000 lagunek hartu zutela hiesa…

Zure lan honek harrera ona izango duelakoan al zaude?
Beno, zenbaitetan ematen ditudan iritziak direla-eta, ziur aski eztabaida sortuko du. Baina horretaz aparte, saiatu naiz euskara erraza erabiltzen, baina ez pobrea; eta datu piloa ematen dut, baina nik uste irakurlea datuekin ez itotzeko moduan.