argia.eus
INPRIMATU
Ezkiogako «visionario»ak (eta aprobetxategi asko)
Iñaki Mendiguren 2001eko abenduaren 16a
Ez dakit ARGIAren irakurle askok izango duzuen ikusita M. Gutiérrez Aragónen «Visionarios» filma. Baina Ezkioga (gaur egun, Ezkio-Itsaso) bertan protagonista denez, hona hemen ezkiotar baten iritzia.

Ez dakienarentzat labur esanda, 1931ko ekainaren bukaeran hasita, Ama Birjinaren ustezko agerraldi batzuk izan ziren Ezkion, sei hilabetean (garai hartan!) milioi bat lagun baino gehiago gure herrira erakarri zutenak. Gertakizun erlijioso haiek oihartzun politiko ozena izan zuten, eskuinak asko erabili baitzituen Espainian sortu berria zen II. Errepublikaren aurka. Orduan gertatuari buruz bada liburu eder bat, William Christian antropologo estatubatuarrak ingelesez idatzia, eta «Las Visiones de Ezkioga». «La Segunda República y el Reino de Cristo» tituluaz Ariel-ek gaztelaniaz argitaratua 1997an. Liburu honek alderdi askotatik aztertzen ditu gertakizunak, eta lan zehatza da, zorrotza, oso dokumentatua, irakurterraza, bizi diren protagonistekiko begirune handikoa... Benetan zer gertatu zen jakin nahi duenak ezinbesteko materiala du bertan.
Orain ezkiotar asko haserre samar dago filman ez direlako gertakizunak zuzen agertzen. Eta egia da; filmak errealitatetik zenbait elementu, pertsonaia, etab. jaso ditu; baina gauza garrantzitsu asko kanpo uztea erabaki du; eta bestalde, fikzio asko erantsi dio, dirudienez, "morbo" apur bat eman eta filma komertzialagoa izateko. Gainera, fenomeno konplexua eta zabala izan zen zerbait erabat sinplifikatu eta mugatu du.
Jakina, oso informatuta ez dagoenarentzat ezinezkoa da historia eta fantasiaren nahaste horretan bata eta bestea bereiztea. Gutxi gorabehera filmak eta eleberriak nola egiten diren badakigu, eta nik ez diot film komertzial bati ikerketa-lan edo historikotasun berezirik eskatzen... Baina kasu honetan, eta niretzat horixe da kezkagarriena, filmak aldarrikatu egiten du historikotasun hori, bukaeran azaltzen diren ohar idatzi batzuen bidez.
Besteak beste, filman badira bi hilketa, Ezkion inoiz gertatu ez zirenak: bata herriko maisu errepublikarrarena, ezkiotarrek eurek hil "omen" zutena. Egia, ordea, bestelakoa da: orduan Ezkion zegoen maisua, Epifanio Romero, errepublikazale sutsua, mehatxatu egin zuten, bai, baina 1935era arte Ezkion egon zen bizi-bizirik, gerra-garaian Venezuelara erbesteratu zen eta 1968an hil zen, Madrilera itzulita.
Etikoa eta mesedegarria al da, gaur egun Euskal Herrian bizi dugun giroan, intolerantziak eta fanatismoak eragindako hilketa bat -gertatu ez zena!- leporatzea herri bati? Arriskutsua, behintzat, bai.
Eta horren froga da urriaren 26ko «El País» egunkarian "Ezkioga, hoy" izenburuaz Antonio Elorzak idatzitako artikulua, zital eta pozoitsu samarra. Artikuluan Ezkioko gertakizunak, gerra-aurreko PNV, egungo ezker abertzalea (eta, nola ez!, tradizionalismo islamikoa) elkartzen ditu... denak intolerantzia, fanatismo, gogorkeria eta antzekoen adierazle bihurtuz. Hau da hau! Zinegilea sasihistorialari eta historialaria pelikulero. Nik ez dut tripako min handirik onartzeko gertakizun dontsu haietan ezkiotar batzuk manipulatu eta erabili egin zituztela kanpokoek, edota erlijio-fanatismoa indartsua izan zela; baina, antza denez, fanatismo ideologikoaren bekatutik ez daude libre intelektual ezkertiar laikoenak ere (Elorza jaunaren artikulua horren lekuko). Beraz, Ezkioga = intolerantzia binomioa batere gogoko ez dugunez, orain berriro manipulatu nahi gaituztenei hona hemen eskari apal bat: utz gaitzazue bakean eta egin itzazue filma onak eta historia hobea!