Landarezale berexientzako moduko lanetaz idatzi dut azkenaldian baina udazkeneko gau luzeenen garai honetan ezin ditugu deskuidatu udaberrira begirako ohiko lanak. Lurra prantatzea izango da garrantzitsuena. Konturatzerako Eguberrietako txoroaldiaren sasian sartuko gara eta eguna gauari minutuak lapurtzen hasten denean babak, ilarrak, tipulak eta abar erein eta landatzeko sailak pronto izan behar ditugu. Lurra simaurtu eta buztintsua bada karetuz gero geroko lanen erdia baino gehiago aurreratua izango dugu.
Baratxuria edo berakatza ereiteko, hobeto esanda landatzeko sasoia da orria erortze eta garia ereite garai hau. Ezki eta astigarren horiari, zumar, intxaurrondo, pago eta sagarrondoen laranjari, likidanbar, zuhandor, gereziondo eta udareondoen gorriari baba darizula so konturatzerako alde egin badizu azaroak, abendua eta eguraldiak lagunduz gero urtarrila ere ez da beranduegi baratzuri begiak lurreratzeko. Lan hau marrubidi edo mailukitegia txukundu eta berritzearekin batera egiten dela ez ahaztu.
Eguberri txoroak aipatu ditut lehen. Ohikoak dira urte garai honetan azalea eta pazko lorearen emana. Kontuz erosterakoan. Txoro-punttu gorenean zaudenean behintzat ez erosi. Batetik zein bestetik lore deigarriak erdi itxirik dituena aukeratu eta berotik urrun eduki. Luzeago elkar gozatuko zarete