Bertsoak ez direlako txikleak, ezin dira fabrikako moldeekin egin: bertso bakoitzak darama sortu duen bertsolariaren «zigilua». Bertsolaria autore bat da, eta bakoitzaren bertsokera ezin daiteke ulertu bertsolaria nondik datorren eta nor den jakin gabe. Unai Iturriagak Bilboko saioan famari kantatutako bertsoek benetan bizitakoa deskribatzen zuten. Azken agurrak zioenez, barruak agindutako bertsoak ziren.
Argazkiak ikusita konturatzen gara beti gaztetzat ditugun horiek, bertsolari gisa jada ez direla hain gazteak. Pertsona bezala heldu egin badira, bertsolari gisa ere beste fase batean daude. Hara Jon Maiak esana («Gara», 2001-11-27): «Orain lau urte habanera doinuan ‘alabari’ kantatutako bertsoak mugarri izan dira nire ibilbidean. Bertsolari gisa formatzeko zikloa itxi nuela sentitu nuen eta bertsolari bezala bizitzen hasiko nintzela».
Maialen Lujanbio, berriz, lehen Lizasori botatako erantzunengatik nabarmentzen zen, zuen prontoa eta ausardiagatik. ARGIAko elkarrizketan zioenez, orain bertsotan beste fase bat hasi nahi du, gai serioak lantzeko ere gauza dela erakutsi, sentsibilitate gehiago azaldu. Bakarkako gaietan entzulea hunkitu du, detaile eta arazo zehatzak deskribatuz, betiko arrazoi potolo eta hotzetara jo beharrean