EUSKARA-ARMENIERA HIZTEGIA
20.000 hitzeko euskara-armeniera hiztegia kaleratu berri dute. Hiztegia Euskal-Armeniar Ikasketa Zentroaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hamar urteko elkarlanaren fruitua da. 500 ale argitaratu dira guztira. Aurretik, 2000 urtean elkarrizketa gida bat eta gramatika bat kaleratu ziren. Kointzidentzia ugari dago, esaterako, Armeniako ibai nagusia Arax da eta Nafarroan Araxed ibaia dago.
NORTASUN AGIRIA EUSKARAZ ERE BAI
Abenduaren 3tik Espainiako nortasun agiria euskaraz ere idatzita azaltzen da EAEn. Derrigorrez berritu behar dutenek edo lehen aldiz jasoko dutenek izango dute ele biko agiria jasotzeko aukera. Ez ordea agiria euskaraz ere izate aldera berritu nahi dutenek. Nafarroan, berriz, ezingo da agiri elebiduna eskuratu. Martxoaren 13an egin zuen Espainiako Kongresuak NA elebiduna izateko eskaera.
EUSKARA BIZIBERRITZEKO PLANA 34 HERRITAN AURKI
Joan den alean esan bezala, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Azpeitian aplikatzeari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Beste 33 herrik ere egin dute plana garatzeko eskaera, besteak beste, Tolosak, Irunek, Arrasatek, Larrabetzuk eta Otxandiok. Lehen fasean, 5.000 biztanletik gorako eta %70etik gorako euskaldun kopuruko herrietan jarriko da martxan. EAEko 160 herrik betetzen dituzte baldintzok.
ONDARE LINGUISTIKOAREN KATEDRA
Hizkuntz Ondare Unibertsalaren Katedra sortu dute Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondare linguistiko unibertsala ezagutzea eta babestea du helburu katedrak eta EHUko irakasle Patxi Juaristi arituko da koordinazio lanetan. Munduko hizkuntzei eta bereziki hilzorian daudenei buruzko ikerketa egin eta bultzatuko da bertan.