Aingeru Epaltzak «Gara»n idatzitakoa da honakoa Nafarroan euskarak bizi duen egoerari buruz:
«Lehen orrialdeetara ailegatu gabe ere, egunero hartzen dira hemen euskara de facto baztertzen duten erabakiak, dela irakaskuntzan, dela administrazioan, dela kultur munduan, dela elizan, dela
-hain gutitan aipatzen dena-eremu pribatuan ere bai. Amorragarria da Nafarroako administrazioan sartzeko deialdietan euskararen balorazioa desagertzea edo hutsaren pare gelditzea. Alabaina, hagitzez marka txarragoa da, guretako, lan eske dabiltzan nafar gazte euskaldunak euskaraz dakitenik aipatzen ez hastea han-hemen dantzatzen dituzten beren curriculumetatik: betidanik aldarrikatu dugun ez bezala, euskara balio erantsia gabe, kentzailea dugu, nonbait, nafar enpresetan. (...) Ametsak arras politak dira, baina errealitateak zartako sobera eman dizkigu jadanik. Nahi genukeenetik posible denera egin beharko dugu, noizbait ere, bidaia. Eta lehentasunak finkatu. Gure lehentasuna ez baitaiteke izan gure ahalmenetik kanpo dagoen deus. Arazo bat dugu orain, arazo handia, eta arazo horrek, gaur egun, UPN du izena. UPNk boterean dirauen artean, maldan beheiti segituko dugu, gure ghetto geografiko eta sozialean gero eta amilduagoak. Beraz, UPN boteretik bidaltzea eta horretarako lan egitea lehentasun estrategikoa izan behar litzateke Nafarroako euskaltzaleendako».