argia.eus
INPRIMATU
ITSULAPIKOAK HITZ ESKE
Lore Agirrezabal 2001eko abenduaren 09a
Eskuartean izango dituzun azken pezeta edo liberekin ez dakizula zer egin? Lehenengo euroak ez dakizula zertan gastatu? Bada, zoaz zure herriko taberna edo dendaren batera eta utzi bertan. Baina ez guztia gastatu e! Mahai gainean ikusiko duzun itsulapiko urdinera bota zertxobait euskararen alde.

"Azken pezetak/liberak eta euroak euskararen alde" izeneko kanpaina Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren kanpaina berria da. Europa osoan egingo den txanpon aldaketa euskararen alde urrats batzuk emateko baliatu nahi du Kontseiluak, eta diru bilketa kanpaina berezi hau jarri du martxan. Larraitz Mendizabal Kontseiluko prentsaburuak azaldu digu kanpainaren helburua: "Bildutako dirua Kontseiluak abian dituen egitasmoak finantzatzeko izango da, ‘Bai Euskarari’ akordioa, ‘Bai Euskarari’ ziurtagiria, Hizkuntza Eskubideen Behatokia -oraintxe hasi da martxan eta sekulako harrera izaten ari da-, eta orain bereziki, euskarak bizi duen egoera larriaren aurrean ekintza batzuk jarri nahi ditugu abian, eta hori finantzatzeko ere izango litzateke". Horrez gain, Euskalgintzaren Plan Estrategikoa egiteko asmoa du Kontseiluak eta horretarako ere erabiliko dute bildutako dirua.


HAMAR MILA ITSULAPIKO. Euskararen aldeko itsulapiko urdin eta karratuak laster ikusiko ditugu herriko taberna eta dendatan. 250 herritan banatuko dira. Guztira, ia 10.000 itsulapiko. Jendeak, euskararen alde, bere azken pezeta, libera eta lehenengo euroak kartoizko kutxa urdinera botatzeko aukera emango du Kontseiluak. Itsulapiko bakarra izango da txanpona guztientzat. "Pezetak, liberak eta euroak aipatu ditugu, baina bakoitzak ez du kutxa bana izango; gainera, jendeak beste txanpon batzuk bota nahi baditu, eskudoak adibidez, lasai asko bota ditzake; dena ongi etorria izango da".

Abenduaren erdialdetik otsailaren bukaera arte egongo dira itsulapikoak herri guztietan. "Herri batzuetan errazago egingo da itsulapikoen banaketa, euskalgintza leku batzuetan askoz ere antolatuago dagoelako eta denak batera jartzeko aukera badutelako; beste zenbait lekutan, berriz, polikiago egingo da", esan digu Larraitz Mendizabalek. Baina, gabonetarako behintzat euskarari oparitxoa egiteko modua izango dugu.
Itsulapiko kopurua herri bakoitzeko biztanle kopuruaren araberakoa izango da. Lasarten, Getxon, Sestaon eta Tolosan, esaterako, 100 itsulapiko banatuko ditu Kontseiluak. Gasteizen, berriz, 250 jarriko dituzte. Banaketa hori eta bilketa antolatzeko, herri bakoitzean euskalgintzan dabiltzan taldeen laguntza izango du Kontseiluak, eta prentsaburuak esan digunez, "herri bakoitzeko taldeek erabakiko dute itsulapikoen banaketa nola egin, beraiek ongi ezagutzen dutelako tokian-tokian euskarak bizi duen egoera". Aurretik, ordea, denda eta taberna guztietara eskutitz bat bidaliko dute kanpainaren nondik norakoak azalduz.
Diru bilketa ez da oraindik hasi, baina Kontseiluko kideek oso harrera ona izango duela uste dute. "Herrietan jendeak oso ondo hartu du kanpaina, ekimen originala, berria dela uste dute. Espero dugu dendarien eta tabernarien aldetik ere erantzuna ona izatea, eta jendeak horrela erantzutea".

Herrietara iritsi aurretik, ordea, euskararen aldeko itsulapiko urdinak ezagutzeko aukerarik izango dugu; aste honetan bertan, Durangoko Liburu eta Diskoen Azokako stand guztietan jarriko baitituzte kutxatxoak