Zornotzako Udaleko gobernu taldeak, EAJ alderdiak osatutakoak, Boroako zentral termikoari buruz herri kontsulta deialdia egitea erabaki du datorren urtarrilaren 20rako. Emaitzak ordea ez du proiektuan eraginik izango, Bizkaiko Aldundiak Udalaren eskaera onartu eta poligonoan onartutako erabilpen energetikoa bertan behera uzten ez badu. Deialdi hau Bizkaiko EAJko zuzendaritzak gaitzetsi zuen aurretik, "udalerriaren gainetik dauden" gaiak baitira. Herri mobilizazio ugari ere eginak dira aurretik. Zornotzako EAJk orain hartutako erabakia tranpa eta iritzi publikoaren aurrean zuritzeko modua izan daiteke. Izan ere, Aldundiko, EAJko eta Eusko Jaurlaritzako arduradun nagusiak proiektuaren alde agertu dira erabat. Eta ez dute he0rriaren nahia kontuan hartuko, "arrazoi estrategikoak" argudiatuz. Zornotzako EAJk herriaren nahia errespetatu nahi badu, bide bakarra du: kontsultaren emaitza Boroako proiektuaren aurkakoa bada eta bere zuzendaritza politikoak errespetatzen ez badu, blokean dimititu beharko du. Duintasunagatik. Eta alkateak bere hitza bete beharko du: «urka nazatela»