argia.eus
INPRIMATU
SAENZ DE SANTAMARIA
Joxemari Ostolaza 2001eko abenduaren 02a
Ez da argentinar militarra. Ez da txiletarra. Espainiako Galindoren koadrilakoa, Europako Estatu demokratiko bateko zerbitzari leiala da, aparatuaren defentsara emana, bere kurrikuluma lekuko. Bere burua obus, haltzazko aurpegian sardea bibote eta betaurreko beltzak begien lubaki. Ai ama, beldurgarria edozein etxerako. Afganistanetik ematen diguten berrien arabera, talibana izan liteke. Bere aberria kuartel erraldoia eta Euskal Herria bertako zokorik beltzena bailiran, barne arautegiaren arabera mugitzen ez den oro etsai du, eta zigorra lege. Legea berriz Jainko, eta Jainkoa askatasun demokratikoa. Horrelakoa da behintzat nik berari buruz jaso dudan ekuazio borobila. Askatasun demokratikoaren defendatzaile amorratu honek, kuarteleko diziplina lanabes, ETAren aurkako beharrezko guda irregularrari egotzi dizkio ostiak, elektrodoak, bainerak, kaputxak, hankazpiko makilazoak, flexioak, era guztietako bortxaketak eta erailketak, bere demokrazia hori defendatzeko justiziak ez baitu fundamenturik. Ez da argentinarra, ez txiletarra, Garzonek ez du bere tribunalean epaituko