argia.eus
INPRIMATU
Literatura unibertsalaren emaria
Lore Agirrezabal Urtzi Urrutikoetxea @urtziurruti 2021eko uztailaren 20a
Ibaizabal argitaletxeak ia ehun ale argitaratu ditu Literatura Unibertsala bildumaren baitan.
1989an, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIEk sinatutako hitzarmen batetik sortu zen bilduma hau, eta hamaika urtean literaturaren historian hain garrantzitsu izan diren lanak euskaratu ditu hainbat itzultzailek. Bi erakunde hauek eta Ibaizabal argitaletxeari esker, James Joyce, Charles Dickens eta Jose Saramago bezalako egileen lanak euskaraz irakurtzeko aukera dugu orain.
Hamaika urte eta ia ehun ale bete ditu Ibaizabal argitaletxeak Literatura Unibertsala sailean. Nazioarteko literatura euskaratzeko egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EIZIE Elkartearen hitzarmen batek jarri zuen abian 1989an. Irakurle euskaldunari literaturaren historiako funtsezko lanak euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzea zen egitasmoaren helburu nagusia.

EIZIEko zuzendari Koldo Bigurik adierazi digunez, gazteentzat nahikoa eskaintza zabala zegoen lehendik, baina helduagoek ez zuten aukera hori eta irakurle euskaldunek gaztelaniaz edo beste hizkuntzez baliatu behar zuten «munduko literaturaren altxorrak» ezagutu ahal izateko. «Horrez gain, ordu ra arte argitaratzen ziren literatura itzuliaren aleak askotan nahikoa badaezpadakoak ziren kalitate aldetik», azaldu digu Bigurik.

arrakasta itzela

«Gulliver-en bidaiak», «Lisboako Setioaren Historia» eta «Ipuin hautatuak» izan dira, besteak beste, sail honetan arrakasta handiena izan duten liburuak, mila aletik gora saltzera iritsi baitira. Baina, Jonathan Swift eta Iñaki Mendiguren; José Saramago eta Jon Alonso; eta, Jorge Luis Borges eta Juan Garzia aipatu gabe ezin dugu lan mardul horiez hitz egin, bilduma honetan bi egile baitituzte liburuek.
Datorren urte hasieran 100 ale beteko ditu Literatura Unibertsala bildumak, eta, dagoeneko, euskal literaturan hutsune handi bat bete du; gaur egun, geroz eta liburu gehiago euskaratzen baitira. Koldo Biguriren iritziz, «hori neurri handi batean Ibaizabalen bildumari zor zaio: literatura itzulia irakurtzeko ohitura zabaltzen lagundu duelako». Horrez gain, atzerriko literatura handia euskaratzeko «trebezia teknikoa eta linguistikoa garatu duen itzultzaile talde on bat» sortu duela uste du EIZIEko zuzendariak.
Bestalde, Euskadi literatura saria lau urtez jarraian irabazi izana ere bilduma honetako itzulpenen arrakastaren lekuko da. Biguriren ustez, gainera, itzultzaile talde on baten «probaleku» izateko, eta, jardutearen jardunaz, kalitate handiko itzulpenak lortzeko balio izan du lan honek. «Oso lorpen garrantzitsua izan da euskararentzat eta haren normalizaziorako», adierazi digu.

Ibaizabal argitaletxeko kideen ustez ere, hamaika urtean bildumak hobera egin du. Horren adierazgarri da, aurten ere, itzulpen onenaren Euskadi saria jaso duela bilduma honetan Josu Zabaletak itzulitako «Fantasiazko ipuinak» lanak.

LAU "EUSKADI" SARI
Lau «Euskadi» sari
LITERATURA Unibertsala bildumako itzulpenek jaso dute azken lau urteotan Euskadi literatura saria:
- 1997an: Jose Morales Beldak, Mikhail Jurievitx-en «Gure garaiko heroia» lanarekin.
- 1998an: Jon Muñozek, Pierre Choderlos de Laclos-en «Harreman arriskutsuak» liburuarekin.
- 1999an: Juan Garziak, Jorge Luis Borges-en «Ipuin Hautatuak» liburuarekin.
- 2000an: Josu Zabaletak, Guy de Maupassant-en «Fantasiazko ipuinak» liburuarekin.