argia.eus
INPRIMATU
Legalitate ilegitimoa
2021eko uztailaren 19a
Garzonek bere gurutzada tematian segitzen du. Orain AAB (Amnistiaren Aldeko Batzordeak) kolpatzeari ekin dio, bertan ziharduten hainbat militante eta kide espetxeratuz. Bestelako operazioen haritik, akusazio orokor eta juridikoki zehaztugabekoetan oinarriturik ETArekin ala bere aktibitatearekin nahasiz. Maila juridikoan irregularki eta polizialean trakets.

Ez gaitu harritu. Lehentxeago bezala izan zitekeen berantago. Idatzia zuen, politikoki erregututa eta mediatikoki babestuta. Gainera, antza, ez da hor geldituko. Abokatuon kontra ere badu nonbait asmorik. Hori ere idatzia du, erregututa eta babestuta. Zirkuloa berriro ixten hasi beharko dute, ustez, ETAren ingurutzat dutena hustuz orohar, ETA bera suntsituko dutelakoan, ingurumari hori ahulduta ETA itoko dutelakoan. Zirkulo horretan jirabiraka erotzeraino hel litezkeela iragar daiteke. Eragiten den kaltea eta sufrimendua gutxietsi gabe, noski.
FORMULA horrek ETA polizialki ezin garaitua salatzen du nabarmenki, maiz errepikatzeagatik kontrakoa sinisteraino heldu badira ere politiko profesionalak. Baina formula ez da Garzonena, gurutzada berea ez den bezala. «Garzonkeriaz» mintzatzea lelokeria litzateke, hori esatea bestelako erantzukizun politikoen estaltze edo ezkutatze ariketa ez balitz. Mugimendu abertzalearen kontrako gobernu espainiarraren beste eraso politiko bat da. Hamaikagarrena. Garzon epaile bat gehiago da, entzutetsua hori bai, mugimendu abertzalean aditu ustea duena eta exekutiboaren nahietara egoki moldatzen dutena. Baina, legalitate espainiarraren markoan aritzen den epaile espainol bat gehiago da, legezko prozedurak errespetatzen dituena eta maiz urratzen dituena ere.
Lotsagarri da, gertuko politikoen deklarazioak entzutea; Garzoni «gauzak ongi egin ditzan» eskatuz, «frogak» eskatuz, «operazio poliziala zuzenbidera egokitua izan dadin» erregutuz. Eta legalitate espainiarraren urraketak urraketa, «Justiziaren (!) ekinbidea ororen gainetik» defendatuz. Ez da gaizki epaile baten tamainako hankasartzeak nabarmentzea, eta batez ere operazioaren ondorio pertsonalak halakoak izanik. Errespetatu beharko lituzkeen arauak nola urratu dituen salatzea. Baina hori, Audientzia Nazional bertako bere lankideek esan diote.
Zerbait gehiago galdetu beharko litzaieke euren burua abertzaletzat duten horiei. Adierazpen horiekin eta hartu posturekin operazioa babesten dute, ados direlako edota probetxurik aterako duten ustea dutelako. Bistan da.
Audientzia Nazionalaren ekinbidea, zuzenbide espainolaren errespetuz izan ala ez, euskaldunontzat ilegitimoa da. Ez da zilegizkoa. Audientzia Nazionala bera da bere osotasunean ilegitimoa. Eta ez soilik, giza eskubideen urraketak ahalbidetzen dituelako, tortura babesten duelako, eta orohar euskal hiritarron eskubide eta askatasunaren erasotzaile zuzen eta bortitzenetakoa delako, euskal hiritarroi inposatutako legalitatea aplikatzen zaigulako baizik. Beraz, lege antiterrorista bezalatsu zaigu arrotz, kode penala eta auziperatze kriminaleko legea bezalatsu. Frantsesa zein espainiarra. Eta berdin zuzenbidearen beste eremuekin. Eta Konstituzioekin, noski. Hori guztia da ilegitimoa euskal hiritarrontzat, Baionako, Iruñeko ala Bilbokoa izan. Egun, legala izan arren.
BOTERE Judiziala oinarrizko tresna dela errepikatu dute azken egunotan, ETAren azken atentatuaren ondoren. Sistema demokratikoaren garantia dela. Omen. Argi dagoena da, azken hamarkada hauetara so eginez bakarrik, Botere Judizial espainiarra eta frantsesa ez direla euskal hiritarrontzat eta Euskal Herriarentzat ezeren zutabe berme edo garantia, espainiar eta frantses inposaketa antidemokratikoarena ez bada. Euskal hiritarrak Euskal Herriratzen saiatzea ogibidetzat dugunok zehazki, modu dramatikoan ezagutzen dugu hori.
Marko legal propioa da behar dena, Justizia Euskal Herrian behar bezala aplikatu dadin. Zilegizko zaiguna, gurea zena eta bagenuena, mende batzuk jada deuseztu zutena batzuek eta besteek, errekuperatu dezagun. Zilegizko dena legal egin dezagun. Ausardia eta borondate kontua da