Igandean burua bero, poltsa huts eta kupida sobera. Igandeko gutizia aldrebesenak kausa jakina du: egundadearen hasperena. Igandeaz jaia jardun, eginbehar bilakatzen da. Igandea, eskizofrenia askoren jatorria da. Jakina denez eskizofrenia, nortasunaren bikoiztasunean datza; baina pertsona gaixoak, zeren eskizofrenia gaitza dugu, ez daki bere burua bikoitza denik. Klaroago izate arren, esanen dut eskizofrenia sozial hau, alienazio gisa bat dela. Komunzki, igandea festa denbora bezala hartu ohi izan dugu. Astearen jatorri eta helburu. Igandea aste-egunaren osaketa da. (...) Hain zuzen ere igandea, aste-egun lantsu, alienatu eta neketsuaren ukazioa da. Hamar eta hamabi orduz egunero lanean jarduten duan langilea ito bide da, aspertu bide. Eguneroko lan ezordaindu eta gutti preziatuaren poderioan langileak ezin etsia du, igandean arkitzen du bere pena eta desesperantzaren sosegua eta geriza. Langilearia zapalduaren enplasturik gozoena eta sasi-osagileena igandea da. (...) Gaitza ororen geriza gezurrezkoa. Gainera, eta hau bigarren bereizgarria dugu, igandea oporraldi ezik seksoaldia dugu. Egun honetan mutilak "neskatan" egiten dute, eta neskek mutilekin gordeketan eta tentaketan. Jantzi apainen funtzioak, seksoaren ekinaldi hau nabarmendu baizik ez du egiten. Jendea igandean enamoratzen da eta aste-egunaz ezkondu. Egungo igandea, erlijioso kutsurik gutti badu ere, sagaratu da. Ordea, igandea, lantegiko nekeen sariketa merkea ere ba dugu. Pentsa dezagun zer gerta daitekean, baldin iganderik ez balitz, eta langileak eguneroko explotazio bera jasan beharko balu, sosegurik gabe; zera... nagusien egunak konta halakoak izanen lirake. Matxinadaren indarrik eragileena, leporaino dagoenaren hasperena eta ezin etsia da (...) (1971-XII-05)