argia.eus
INPRIMATU
GEZURRAREN GIZARTEA
2001eko abenduaren 02a

Esan ohi da egia dela gerra batean hiltzen den lehena, eta hortaz, jakinaren gainean egon beharko ginateke, ez da deus berririk. Berria edo, edonola ere, berriagoa dena da kontatzen dizkiguten gezurrak alde bakar batekoak izatea; orain gutxi arte, beti zegoen, aldez edo moldez, beste aldeak kontatzen zituen gezurren berri izateko modu bat edo beste. (Artikulu hau idatzi eta berehala ikusi dut lehen aldiz talibanen «Kanpo arazoetako ministrordea» () Nayibulá Sheerzai baten deklarazioak. Kasualitatea?).

Segitu dut gerrari buruz euskarazko egunkari bakarrak eman duen informazioa, eta, mugak eta trabak gorabehera, egoki iruditu zait. Segitu dut, halaber, gaztelaniazko egunkari nagusietako informazioa, eta nazkatuta nago. Ikus ditzagun adibide batzuk.
Medio hauek, Afganistango gertaera latz, triste eta anker hau hasi berri zegoenean, Iparreko Aliantza ez zuten armadatzat jotzen; gaizki armatu, ekipatu, antolatu eta prestatutako gerrilari andana noragabetua zen, baturik ere ez zeuden gaizkile koadrila, ia. Bi hilabete eskas baizik ez dira igaro Aliantzakoak Kabulera sartu diren arte. Errezeloa bazen demasakeriaren bat egingo ote zuten, baina hirurogei egun lehenago gaizkiletzat jotzen zituen egunkariak berak lasaitzen zuen mendebaldeko irakurlea: "Sartu diren lehenak ordena zaintzeko bereziki entrenaturiko eliteko tropa bateko bi mila soldadu dira". Kazetariak mirakulua egin du, lehengo gosekilak elite bihurtu ditu.
Eta zer esan Kabuleko sarrera horren ondoko giroaz? Edonori bertara joateko gogoa pizten zitzaion. "Pelukeroek ez dute atsedenik; gizonek bizarra egiten dute etengabe". "Turbanteak kendu eta botatzen dituzte". "Musika entzuten dute, berriz ere". "Telebista, zinea ikusten hasi dira". "Burkak alboratu dituzte". Tolosako ihauteriko giroa, San Ferminetakoa, ez da deus han zegoen besta-gogoarekin. Eta emakumeak? Emakumeak berriz hasi dira prestatzen Afganistango gizartean dagokion toki printzipala hartzeko. Afganistango emakume gaixoak; batzuen eta besteen mendeetako zapalkuntza bortitzaren ondoren, ez zaie deus izango okzidentalen erabilera zakarra, lehen munduan aitzakietako bat izatea, alegia, bonbardeoei buruzko galdetegietan alde daudenen portzentajeak amil ez daitezen. Handik egun batzuetara jakin dugu zine eta telebista saioak bertan behera utzi behar izan dituztela argirik gabe geratu direlako, "talibanen sabotaje baten erruz, ausaz". Jakina, milaka tona bonba bertan erortzeak ez zuen inolako arazorik eragingo Kabuleko elektrikan.
Barregarria denik ere izan da, eta ez gutxi. Hona, esaterako, kazetaritza moldeak berritu izanaz harrotzen den paper batean irakurritakoa, gaztelaniaz emana, nire itzulpenak zalantzako biderik eman ez dezan. Afganistandik Pakistanera doan bide bazterreko giroa deskribitzen ari da: "Los hombres orinan en cuclillas y se limpian con tierra". Nekeza zait ulertzea zer pasatu den kazetari bipilaren burutik; nazka emango dio "kaka egin" aditza erabiltzeak? Estilo-liburuak debekatuko al dio? Lerro artean irakurriz "ulertu" behar dugu lurra erabiltzen dutela "behar fisiologiko larriak" egiten dituztenean, edo agian, benetan, zakila igurtzen dute lurraz txiza egin eta gero? Tira, dena den kokoriko txiza egitearena ongi egon behar da. Txantxak alde batera utzita, deitoragarriena esaldiari darion goitasunezko sentimendu kolonialista da, ez dakigu mundu osoko biztanle guztiek komuna, dutxa beroa eta kalefakzio zentrala dutelako uste inuxenteak eraginda, edo eta klase fineko bati behe mailako arrazak sorrarazten dion berezko higuinak, higuin ulergarriak, noski, eraginda.
Eta, anekdotak alde batera utzirik, gaur da eguna zeinean ez baitago jakiterik Kandahar eta Kunduz noren eskuetan dauden, eta kazetariak hiltzen baitituzte, teorian bederen Alianzaren kontrolpean dauden lurraldeetan. Hau da, anabasa, kaosa.
Anabasari gehitzen bazaio interesen arabera nahasteko borondate ongi frogatua, nekez sinets dezakegu deus kontatzen digutenaz